Koronabirusa

Beharrean daudenei laguntzeko janari bilketa eginen du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 8a, 16:00

Beralandetan bilduko dute, 09:00etatik 13:00etara.

Beralandetan bilduko dute janaria eta lagundu nahi dutenek aitzinetik Udalera deitu beharko dute

Berako Udalak beharrean dauden familia eta norbanakoei laguntzeko asmoz janari bilketa abiatu du. Bizi dugun osasun larrialdi honek, jarduera ekonomikoan geldialdia eragin du.  Horren ondorioz, Udaletik jakinarazi dutenez, «hainbat beratar langabezian daude eta inongo diru iturririk gabe». Familia batzuek Udalera laguntza eske jo dute: «gehien bat oinarrizko elikagaiak eskatuz». Hortaz, behar horri erantzuteko Udalak janari bilketarako deialdia abiatu du. Adierazi dutenez, «ekimen honek herrian egon ahal diren bertze laguntza sareen osagarri» izan nahi du, hortaz, Bortzirietako Gizarte Mankomunitateari honen berri emateaz gain, «elkarlanean ari gara». 

Beralandetan goizez
Norbaitek janaria eraman nahiko balu, Beralandetara eraman dezake, aurrez Udalera deituta. Hau da udaleko telefonoa: 948 63 00 05. Deiak 09:00etatik 13:00tara jasoko dituzte. Deia jaso ondotik udaleko langile batek Beralandeta irekiko du janaria han uzteko. Gero, beharrean dauden familiak etorri ahal dira Beralandetara janaria hartzera, edo bolondresen bidez etxeetara ere banatuko litzateke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun