Koronabirusa

Deseskalatze prozesurako jarraibideekin bandoa argitaratu du Berako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko mai. 5a, 08:30

Oinezkoek eskuinaldeko espaloia erabiltzea lehenetsiko dute, posible den kasuetan.

Hainbat karriketan oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna lehenetsiko da eta Alkaiagako poligonoa eta Bidasoaldeko trenbidea Berako eremutik kanpo daudela gogorarazi du

 

Gobernuko agintariek koronabirusaren transmisioaren prebentzioari buruz emandako gomendioei jarraituz bandoa argitara eman du Berako Udalak. Oinezko eta txirrindularien mugikortasuna lehenetsiko dela dio oharrak, autoak erabiltzea baino. Gogoratu autoa nahitaezko joan-etorrietan erabili behar dela soilik.

Paseoak eta kirola egitean pertsonen arteko distantziak gordeko dira eta jende pilaketak saihestuko dira. Era berean, umeen parkeek itxita jarraituko dute.

Oinezkoek eskuinaldeko espaloia erabiltzea lehenetsiko dute, posible den kasuetan, jendearekin gurutzatzea saihestuz. Espaloi bakarra dagoen karriketan pertsonen arteko distantziak gorde beharko dira.

Krisi-egoerak jarraitzen duen bitartean, hainbat karriketan oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna lehenetsiko dute. Karrika hauetan bertakoen eta zerbitzuen autoak soilik sartzen ahal izanen dira: Legia karrika osoa, Iparralde karrika eta Julio Caro Baroja pasealekua Ugalzubia karrikaren bidegurutzeraino. Paseoa udalerrian emanen da, etxetik kilometro bateko distantziako eremuan. Kirola ere udalerrian eginen da, distantzia mugarik gabe, baina beti banaka. Baimendutako irteera eta kirol-jarduera hauek egunean behin eta 06:00etatik 23:00etara egin daitezke. 14 urtetik beheitiko umeen irteerak gehienez ordu bateko iraupena izan behar du.

Berako Udalak oroitarazi du Alkaiagako poligonoa eta Bidasoaldeko trenbidea Berako eremutik kanpo daudela, eta Lesakako udalerriko parte direla: «Espazio horietan beratarrok ezin izanen dugu kirola egitera joan». Modu berean, oroitarazi du kros eta trial motoek (guztiek, oro har) autoek duten kontsiderazio bera dutela eta arau berberen mende daudela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun