Hilabete baino gehiago daramagu osasun alerta egoeran, gure bizitzak goitik behera aldatu dira, etxean konfinatuta gaude eta inguruko sistema sozioekonomikoa geldirik dago. Momentu honetan, Berako Udalak eta Larun Haizpe Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen Elkarteak «eskerrak eman nahi dizkiete beratar guztiei egoera honen aitzinean erakutsi duten ardura eta ulerkortasunagatik, eta «Osasun zerbitzuei, Zahar Etxeko eta Maddi egotetxeko/Aspaceko langileei, herriko garbitzaile taldeari, suhiltzaileei, boluntarioei eta gainerako zerbitzu publikoei» eskerrak eman nahi dizkiete egiten ari diren lan izugarriagatik.
Gainera, balioan jarri nahi dute herriko komertzioak egiten ari diren lan eta esfortzua: «Gure elikadura dendak, harategiak, arraindegiak, okindegiak, fruta-dendak, eta orokorrean, oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzten guztiak, herritarren beharrak asetzeko gai izan dira, eta beratarrok gure herrian, gertuko komertzioetan, egiten ahal ditugu erosketak», dio oharrak.
Horrek nahi dugun gizarte eta herri ereduaren inguruan hausnartzera eraman ditu Berako Udala eta Larun Haizpe elkartea: «Gure herrian komertzio sare sendo bat izatea garrantzitsua da, bizi duguna bezalako egoera batean aurrera egitea ahalbidetzen gaituena, hostalaritza eta zerbitzu enpresekin batera, Bera herri bizi bat izatea ahalbidetzen duena. Egun hauetan ekonomia globala nola erortzen den ikusten ari gara, zein menpekoak garen ikusi dugu, adibidez, horrelako krisi batean oinarrizkoa den gauza bat, maskarak erraterako, milaka kilometrotara dauden fabriketan ekoizten baitira. Ze herri mota nahi dugun pentsatzeko garaia da, nola eginen diogun aurre etorkizunari. Krisi honek onerako aldatzen ari gaitu, gure barnean dugun hoberena ateratzera eramaten gaitu, eta elkarrekin indartsuago gara».
Gaur, inoiz baino gehiago, elkar laguntzea beharrezkoa dela ikusten dute Berako Udalak eta Larun Haizpe elkarteak, «hurbilekoa indartu behar dugu, bertakoa, Km 0-koa. Komertzio ttikiak, inguruko ostatu, jatetxe eta zerbitzu enpresak babestu behar ditugu hori baita garapena, ekonomia eta etorkizuna».
Berako Udalak eta Larun Haizpe Merkatarien, Ostalarien eta Zerbitzu Enpresen Elkarteak erronka honetan beraiekin bat egitera animatu ditu herritarrak, «elkarrekin Ber(a)-egiten dugu, gurekin zaude?».