Artxiboko irudiak

Larhungo kableei buruz solasean Juanito Peña eta Pello Irazokirekin

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 26a, 13:00

Larhungo bentak 1950eko hamarkadan eraiki zituzten. Hasieran, materialak eta salgaiak mandoen gainean igotzen zituzten baina, berehala, kable bidez garraiatzeko sistemak instalatu zituzten, benta bakoitzak berea. Urtetan funtzionatu ondotik, azkeneko kablea 1990. urte inguruan gelditu zen eta, geroztik, pista egokitu eta lur orotako ibilgailuekin moldatzen dira. Juanito Peñak eta Pello Irazokik Larungo kableekin izan zituzten bizipenak bildu zituen Asier Gogortzak, eta Ttipi-Ttapa Telebistak 2000. urtean erreportaje hau emititu zuen.

Juan Peñak 1947an Larungo kaskotik hurbil zegoen harrizko txabola batean negozio ttiki bat egitea erabaki zuen. Han laranjak, edariak, espartinak… saltzen zizkien Larhungo Trenean igotzen ziren frantsesei. «Izan ere, II. Mundu Gerra amaitu berria zen, mugak itxita zeuden eta Frantzian hornidura guti zegoen».

 

2007ko Berako Oihuan, Jose Antonio Errandonea Totonok Larhungo bentei buruz idatzitako De la vida beratarra - Larun artikulutik hartutako pasarte batzuk

1947an Juanito Peñak bere lehen benta egin zuen, egurrezkoa, eta Bar Español deitu zion. Garai hartan, salgaiak Landaburutik  igotzen zituzten Bentaraino, mandoak erabiliz, eta bi ordu baino gehiago behar izaten zuten igotzeko. Oraingo Larun Gain 1955ean egin zuen eta ordurako airez-aire kable bat jarria zuen egurrezko pilareen gainean, 12 kaiolarekin merkantzia tontorreraino igotzeko. 1956an, kable berri bat jarri zuen burdinazko pilareen gainean, tona bat igotzeko gai zen kaiola bakar batekin. Goiti joateko 15 minutu behar zituen eta jausteko zazpi. Kaiola horren gainean langileak garraiatzea debekatuta zegoen, baina batzuetan langileak sartzen ziren, azkarrago eta lasaiago igotzeko. Behin guardia zibil batzuk gora igo ziren ordena jartzera, eta kableko kaiola hura erabili zuten, hori bai, langileekin batera, ez baitziren asmakizunaz fio.

Bertze beratar batek, Feliziano Irazokik, erremontista izatetik 44 urterekin erretiroa hartu ondotik, zurezko benta bat egin zuen Larunen, eta El Pelotari izena jarri zion. Gero, 1959an, benta zahar hura zegoen tokian, gaur egun dagoena muntatu zuen, Larungo Kaiola izenekoa. Lehenbiziko benta hartara, Iratzekoberetik kargatutako mandoekin eramaten zuten salgaia, eta, benta berria egin zuenean, honek ere kable bat jarri zuen 1990era arte funtzionatu zuena.

Udako Benta, Martin Baleztenak eraiki zuen 1965ean, eta hasiera-hasieratik kablea paratu zuen merkantzia Kaulebaitatik Larunera eramateko. Baina 1975. urte inguruan, sasoi betean, kablea hautsi eta garraiatzeko manerarik gabe gelditu zen. Egoerak behartuta, Udalari bidea konpontzeko baimena eskatu zion. Pistaren azken zatia berak egin zuen, eta 1980tik merkantziak ibilgailu ttikietan eramaten dute pista horretan barrena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun