Bideo-sistema jarri dute abian Lesakako Andra Mari Zahar Etxean familiekin komunikatzeko

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 22a, 19:00

Egoitzaren funtzionamendua egonkorra dela jakinarazi dute Andra Maritik

Hiru plaza murriztu dituzte, kutsatze kasuren bat gertatuz gero gela horietako batean isolatzeko aukera izan dadin

Covid-19ak eragindako osasun-krisiaren aitzinean, Lesakako Andra Mari egoitzak ekintza plan bat prestatu du izan daitezkeen kutsatze kasuak kudeatzeko, Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak emandako jarraibideei kasu eginez. Plan horren arabera, zentroak hiru plaza murriztu ditu, behar izanez gero isolamendurako erabiltzeko.

Normalean Lesakako suhiltzaile boluntarioek eta udal langileek egiten dituzten garbiketa eta desinfektatze lanez gain, Oronoz-Mugairiko suhiltzaile profesionalek ere garbiketa eta desinfektatze lan sakonak egin zituzten apirilaren 21ean.

Gainerakoan, egoitzaren funtzionamendua egonkorra dela jakinarazi dute Andra Maritik eta eguneroko jarduera normaltasunez garatzen dutela arlo guztietan: oinarrizko zainketak, elikadura, terapiak eta aisialdia.

Familiekiko komunikazioa ere egunero egiten dute, horretarako hainbat bitarteko erabiliz. Nabarmentzekoa da bideo-sistema bat paratu dutela, senideek eta egoiliarrek elkar ikusiz hitzegiteko aukera ematen duena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun