Koronabirusa

Apirileko azienda feria eta hilabeteroko ekoizleen merkatua bertan behera utzi dituzte Beran

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 20a, 09:30

Aurten ez da Berako azienda feriarik eginen.

Koronabirusa dela eta, sortu den egoerak eraginda, lehenbiziko sektorearekin lotuak dauden ekitaldiak bertan behera gelditu dira Beran. Hala nola, apirileko azienda feria eta hilabeteroko bertako ekoizleen merkatua.

Azienda feriari dagokionez aurten, apirilaren 25ean bosgarren ekitaldia antolatzeko prestaketak hasiak baziren ere, bertan behera uztea bertze erremediorik ez dela izan jakinarazi dute Udaletxetik. «Aurtengoan ez da feriarik izanen eta datorren urterako utziko da.  Pena da egun hagitz polita izaten delako herriko eta inguruko azienda ikusteko aukerarekin eta bertako produktuak erosteko modua izanik», diote oharrean.

Hilabeteroko merkatuari dagokionez, momentuz ez egitea erabaki dute, segurtasun neurriak betetzea ez delako erraza eta jendearen joan-etorria ere ez delako ohikoa. 

Egoera hobetu ahala berriz ere merkatua martxan jarriko dute eta bitartean «bertako produktuak eskuratu nahi izanez gero inguruko baserritar eta ekoizleekin zuzenean harremanetan jartzea da modua, etxetik zuzenean egiteko salerosketa. Herriko dendetan ere topatu daitezke elikadura osasuntsu bat eramateko bertako produktu ekologikoak».

Orain inoiz baino gehiago beharrezkoa ikusten dute produktu osasuntsu, ekologiko eta bertakoak kontsumitzea.  «Gure osasunean eragin zuzena du jaten dugunak eta horrelako gaitzen aitzinean indartsu egoten laguntzen digute produktu hauek. Prebentzioa da armarik onena, zaindu ditzagun gure buruak eta gure ingurukoak! Animo eta ikusi arte!», dio udalaren oharrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun