Koronabirusa

Covid-19aren ondorioz hil den Lesakako Arcelor Mittaleko langilearen heriotza salatu du LABek

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 11a, 18:15

Lesakako Arcelor Mittaleko langilea izan arren, Legasako lantegian lan egiten zuen 58 urteko langile bat hil da berriki Covid-19ak jota.

LABek Lesakako Arcelor Mitaleko 58 urteko langilearen heriotza salatu du. Horrekin batera, sindikatuak bere «babesa eta doluminak» helarazi nahi dizkie senide eta lagunei, eta bere «burua eskaini beharrezko iritzitako ekintza guztiak egiten laguntzeko». 

Sindikatutik argitu dutenez, «Lesakako Arcelor Mittaleko lantokiko kide izan arren, margolari gisa egiten zuen lan Arcelor Mittalek Lesakatik gertu duen Legasako lantegian».

LABen ustez, «heriotza hori saihestu zitekeen». Gaineratu dutenez, «LABek enpresari ohartarazi zion segurtasun-neurriak hartu behar zirela, are gehiago martxoaren 13an sintomak bazituen lehendabiziko langilea etxera bidali zutenean, baina ez zitzaigun jaramonik egin, eta horregatik LABek salaketa bat jarri zuen Lan Ikuskaritzan martxoaren 17an segurtasun-neurri handiagoak eskatzeko». 

«Gaur egun, enpresak berak emandako datuen arabera, gutxienez 13 langile daude baja-egoeran Covid-19rengatik, eta beste batzuk berrogeialdian daude»

Birusaren hedapena ageriko egiteko, enpresak emandako datuak ageriko egin  dituzte: «gaur egun, enpresak berak emandako datuen arabera, gutxienez 13 langile daude baja-egoeran Covid-19rengatik, eta beste batzuk berrogeialdian daude. Baina ez da lantegi horietara mugatzen den egoera bat ere; izan ere, multinazionalak dituen beste lantegi batzuetan kutsatutako langile gehiago daude». 

Heriotza hau «astindu izugarria» da, egungo «egoeraren larritasunaren berri ematen baitigu, eta segurtasun neurriak zorroztu eta funtsezkoa ez den jarduera oro geldiaraztera behartzen gaitu».

LABek lantokira joan, gertatutakoa ikertu eta «lan baldintza seguruak egon arte» jarduera geldiarazteko eskatu du

LABek «Lan Ikuskaritzari exijitzen dio hildakoaren lantokira joan, gertatutakoa ikertu eta jarduera oro geldiarazteko, lan baldintza seguruak egon arte. Era berean, langileen osasuna onura ekonomikoaren gainetik lehenesteko eta jarduera oro geldiarazteko eskatu diogu multinazionalari, langileen ordezkariekin adostutako segurtasun-protokolo eraginkor bat eduki arte. Ez dugu fabrikara onik sartu eta hilkutxa batean irten nahi». 


Gisa bertsuan, «LABek dei egiten die langileei heriotza hau salatzeko deituko diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzera».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun