Artxiboko irudiak

Patata ereiteko lanak nola egiten dituen kontatu zigun Berako Sokorro Almandozek 1999an

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 10a, 10:00

Aste osoa ilbehera da eta patata ereiteko sasoi aski egokian gaude. Duela 21 urte, ere, sasoi honetan, Berako Sokorro Almandozengana joan zen Garbiñe Goia Ttipi-Ttapako berriemailea, patata erein, jorratu eta atera bitarteko lanen inguruko azalpenak biltzera.

Hona hemen aste honetarako Jakoba Errekondok Bizibaratzea.eus blogean proposatzen dituen baratzeko lanak:

Asteko lanak | 2020ko 15. Astea | Apirilaren 6tik 12ra

Aste osoa ILBEHERA.
Apirilaren 8, 04:36ean ILARGI BETEA, ordura arte ILBERRI, ordutik atzera ILZAHAR.

Zainzuriak landatzeko garaia da. Zainzuriaren uzta iritsi denean berriak landatzeko sasoia ere etorri da. Tokia ongi aukeratu behintzat. Urte aunitz biziko da bertan eta zarba handia sortzen du, zenbaitetan bi metrorainokoa, beraz aldameneko landareei enbarazu eginen ez dien tokia behar du. 

Baratzean ereiteko: porrua, tipulina, aza, aza gorria, Brusela aza, azalorea, erromaneskua, brokulia, Daikon arbi zuria, uraza, kukulua, errefautxoa, errukula, zerba, borraja, azenarioa, arbi-apioa, kuiatxoa, luzokerra, kuia, txitxirioa, patata eta tomatea. Berotegiaren babesperako erein: kukulua, azenarioa, apioa, leka motza, leka luzea, kuiatxoa, luzokerra, tomatea, alberjinia, piper berdea eta gorria.

Baratzean landatzeko: udaberriko porrua, tipulina, zainzuria, tipula zuria eta gorria, uraza, orburua, zerba, erremolatxa, ziazerba, apioa eta mihilua. Berotegian baita, tipula gorria, uraza, kukulua, borraja, patata, tomatea, alberjinia eta piper berdea eta gorria ere.

Udaberrikon laboreak ereiteko azken aukera, ilgora honen azken egun hauekin amaituko da. Gari, olo, garagar, zekale, espelta eta abar. Neurria hartzeko, esaerak hala dio: hazia zabaldu, txapela bota eta txapelapean hamar ale badaude tamainan!

Luarraren garaia da, ongarriketa sasoia: libre diren sailetan eta zainzuridian, marrubidian eta abar erruz banatu. Luarrarik ez bada, edozein ongarri organiko.

Jardinean ere ongarriketa nagusia egiteko azken aukera: belaze, soropil, zuhaizpe, zuhaixkape, landare multzo...

Udazkenean ereindako ongarri berdea (laboreak, lekadunak...) ebaki eta lurrari eman daiteke.

Karea eman. Lehendik ongarrituta dauzkagun sailetan karea behar bada orain eman. Ongarritik karera gutxienez ilargi bat utzi.

Hostoa galtzen ez duten zuhaitz, arbola eta zuhaixkak landatzeko sasoia hasten da.

Mendian hostoa galtzen duten zuhaitzak landatzeko azken aukera. Aldiz, hostoa galtzen ez dutenak landatzeko garaia hasten da. Izotza bada landaketarik ez egin. Landatutakoan sustraien inguruko lurra gogotik zanpatu; lurra sustraietara itsatsiko da eta gero agertu daitekeen izotza barrura sartzeko zirrikitorik ez da izanen. Gero landatuko ditugunentzako zuloak egin.

Zuhaitz, zuhaixka eta hesien landaketa egin. Hostoa galtzen duten landareak landatzeko sasoiaren amaiera da, hala ere goiz mugitzen direnentzako berandu da, gainontzekoekin mugi!. Izotza bada landaketarik ez egin. Landatutakoan sustraien inguruko lurra gogotik zanpatu; lurra sustraietara itsatsiko da eta gero agertu daitekeen izotza barrura sartzeko zirrikitorik ez da izango. Hostoari eusten dioten landareak ez mugitu. Udaberria etorriko da, eta orduan izango dugu landatzeko aukera. Txertaketa sasoia da.

Fruitu zuhaixken aldaxkak ebaki eta landatzeko sasoia da.

Aldaxkak egin eta landareak ugaltzeko sasoia da.

Bateko eta besteko haziak ereiten hasi. Geruzatuta edo toki hotzean eduki ditugun haziak hazitegian edo mintegian bertan erein. 

Landare usaindunak erein, banatu eta landatzeko sasoia da.

Lorategian edo balkoian, landare ahulak babestu. Toki beroetan ontzietan ditugun landareak babesetik atera. Kimatu, luberritu edo ongarritu: hortentsia, geranio, fuxia, arrosondo, peonia, igokariak...

Udaran loratuko diren erraboilak landatu: dalia, gladiolo, lilium, kana, begonia... Udan loratuko diren denboraldiko landareak erein

Zitrikoak babestuta mantendu.

Kimaketak egiteko sasoia da. Lehen mugitzen direnekin hasi. 

Belardi eta soropilak sortzeko ereintza egiteko urte garai onena da. Saretuta dauden belardietan ere hazia orain zabaldu. Lehendik ditugunak karetzeko sasoia.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun