Lesakako udalak plazaratutako oharrak dioenez, «etxean egotera behartuak gauden egun hauetan, badakigu Lesakako haurrak arduratsuak eta zintzoak izaten ari zaretela. Ikastetxeetatik bidalitako lanak egiten ari zaretela, eta etxean ere laguntzen duzuela. Horretaz gain, ziur gaude denbora pasatzeko, eskulan, marrazki, joku, errezeta… pila bat egin izanen dituzuela».
Hori dela eta, haurrendako proposamena ere egin du. «Elkarren artean animatzeko, elkartasun keinu moduan, zuek egindako lan horiek bildu, bideo bat egin eta lesakarren artean zabaltzeko intentzioa dugu. Modu honetara, zuen ilusioa, etxe guztietara bidali ahal izanen dugu», dio oharrak.
Beraz, etxean egindako lan horiei argazkiak atera edo bideo labur batean grabatu eta 692 186252 whatsapp zenbakira bidali behar da apirilaren 6a baino lehen. Denak elkartu eta neska-mutikoekin elkarbanatuko dituzte.