Koronabirusa

Ibardingo merkataritza gunea erabat itxita dago

Ttipi-Ttapa 2020ko mar. 17a, 14:02

Koronabirusaren osasun-krisia hasi zenean sumatzen hasi ziren jende gutiago hurbiltzen hasi zela Ibardingo merkataritza gunera, Bera eta Urruña arteko mugara. Gero, jatetxe eta ostatuak ixteko agindua etorri zen eta gaurtik aitzinera, errepidez Lapurditik Nafarroara igarotzeko debekua. Debeku hori betetzen dela zainduz, guardia zibilaren kontrola dago muga berean, Gorria Bentan. Bertze gainerakoan, Ibardinek inoiz ezagutu gabeko irudia ematen du: benta, komertzio, jatetxe eta ostatu guztiak itxiak, gasolindegia barne. Auzo-fantasma baten antza hartu du, gure eskualde gehienak bezala.

Egoera honek eragina izan du eta izanen du inguru horretan lanean aritzen diren hainbat langileren egoeran. Joan den larunbaterako Mendiko Sagardotegian iragarria zegoen Sagardo Eguna ere bertan behera utzi behar izan zuten eta apirilerako aurreikusia zegoen Euskal Herriko Itzuliko etapa bukaera ere bertan behera gelditu da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun