Euskal Herriko Itzulia ezin izanen da apirilaren 6tik 11ra jokatu, koronabirusaren krisia dela eta. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) eskatu du ez egiteko probarik arrisku tokietan, eta, hala, lasterketa gibelatzea erabaki dute antolatzaileek. Egunik ez dute jarri oraindik, baina aurten joka dadila eskatuko diote UCIri. Gogoratu behar da apirilaren 8ko etapa Ibardinen bukatzekoa zela, eta biharamunekoa, Beratik abiatzekoa.
Antolaketak ohar bidez adierazi dutenez, «ahal zen guztia» egin dute Itzulia aurreikusitako egunetan joka zedin. «Egoeraren larritasuna» ikusirik, ordea, uste dute lasterketa atzeratzea dela erabakirik «arduratsuena». 2021eko Itzulia apirilaren 5etik 11ra jokatuko dela jakinarazi dute, baina aurtengoa noiz izanen den, edo egiterik izanen den, ezin zehaztu.