Koronabirusaren hedapena moteltzeko hartutako neurrien ondorioz, martxoaren 28an Lizarran egitekoa zen finala atzeratzeko erabakia hartu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Aurrerago zehaztuko da behin-betiko data.
Martxoaren 28an zen ospatzekoa 2020ko Bardoen finala, Lizarran. Koronabirusaren hedapenari aurre egiteko hartutako neurriek ekitaldi publiko gehienak bertan behera utzi behar izatea eragin dute ordea, eta Bardoetako finala ez da salbuespen. Beraz, finala atzeratzea erabaki du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.
Pasa den ortzegunean, igaro berri den asteburuan Goizuetan eta Jauntsaratsen egitekoak ziren bi finalaurrekoak ere atzeratzeko erabakia hartu zuen elkarteak. Beraz, bi finalaurrekoak eta finala, horiek lirateke aurrerago berreskuratu beharreko ekitaldiak. Egoeraren aurreko ziurgabetasuna dela eta, ezinezkoa da une honetan data berririk zehaztea, baina argitu bezain pronto hartuko du erabakia Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Era berean, ekitaldi horietarako aurreikusitako herriak mantentzeko asmoa du antolatzaileak.
Finalerako sarrera erosi dutenek aurreragoko datarako gorde ahal izanen dute, edo bertzela, erositako puntuan bertan itzuliko zaie dirua. www.bertsosarrerak.eus atarian erosi dutenekin Nafarroako Bertsozale Elkartea jarriko da harremanetan.