Lesakan, txirrindulari batek kamioi-gidari baten jokabidea salatu du

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 16a, 14:30
AgiƱa aldeko errepidea bazterbiderik gabekoa eta txirrindularien ibiltokia dela ohartarazten duen seinalea.

Txirrindulari batek gutun bat bidali du Ttipi-Ttapara «kamioi-gidari baten jokabidea» salatzeko. Dioenez, ezbeharra ortzegunean gertatu zen, otsailaren 13an, Lesakatik Agiña aldera doan errepidean. «Egur-garraioan ibiltzen da butano-koloreko kamioia da; erremolke bikoitzekoa. Dirudienez, zura zerrategian hustu du eta firin-faran doa mundua berea balitz bezala» dio. 

Honelaxe dio txirrindulariak bere gutunean: «goizeko 10ak aldera, goitik Lesaka aldera kamioi bat zetorren, bide osoa hartuz. Hurbildu ahala, kamioiak abaila moteldu ordez, berean jarraitu zuen. Txirrindularia ikaraturik, baztertu da erabat, baina kamioia inolako arretarik gabe datorrela ikusirik, di-da batean bide bazterrean gelditu egiten da, badaezpada ere. Berdin dio, kamioak ez ikusiarena egin eta bide guztia hartuz gainera datorkio. Orduan, kamioak jota bota ez dezan, txirrindularia bide bazterreko zulora doa bere bizikletarekin hankaz gora. Kamioak kasurik egin gabe aurrera segitu du. Txirrindularia altxatu eta, nola edo hala, keinu zorrotza egin dio gidariari. Guztia alferrik; ez du inola ere gelditzeko asmorik.

Egur-garraioan ibiltzen da butano-koloreko kamioia da; erremolke bikoitzekoa. Dirudienez, zura zerrategian hustu du eta firin-faran doa mundua berea balitz bezala. 

Eskerrak goitik behera zetorren beste txirrindulari bat kezkatu den egoeraz; zorionez, txirrindularia onik da, baina kamioiaren muturra aurrez aurre ikusi duenean, jauzi egitea beste aukerarik ez du izan, kamioizale axolagabea dela medio».

Jexux Aizpurua Barandiaran (Irun)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun