Hasi dira Arantzako inauteriak

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 6a, 11:14

Eguraldi ederra lagun, 25 bat Mozorro Zurik eman diote aurtengo inauteriei hasiera. Goizean gosaldu ondotik, eskolara eginen diete bisita bizkarrekoak paratzeko, eta han dantza batzuk egin ondotik, bi taldetan banatuta baserrietako bideari ekinen diote. Beñat eta Andoni Mitxelena Danboriena arduratuko dira akordeoiarekin giroa alaitzeaz. Arratsaldean, eskolako lagunek herri kirol jaialdia eskainiko dute.

Gaurko besta egunaren ondotik, bihar eta etzi segituko dute inauteri giroan.

Otsailak 7, ortziralea

Goizean Mozorro Zurien gosaria Primi ostatuan. Ondotik herrian barna eskean etxez-etxe musikariekin. Eguerdian Mozorro Zurien bazkaria Burlada jatetxean. Egun osoan eskolako neska-mutikoak baserriz-baserri puxka-puxka ibiliko dira. 21:00etan emakumeen afaria izanen dute Pabloenean eta bertso-afaria Aterpean Jexux Mari Irazu eta Miren Amuriza bertsolariekin. Afalondoan dantzaldia gorapean Beñat eta Fernandorekin.

Otsailak 8, larunbata

Eguerdian Mozorro Zurien bazkaria Pabloenea jatetxean. 17:00etan, haur, gazte eta heldu mozorrotuen kalejira eta bukatzean txokolate-jatea. Ondotik, herri-kirol saioa izanen dute eta mozorro zuriek saldutako boletoen zozketa eginen dute frontoian. Aizkoran, Iker Vicente eta Ruben Saralegi lehengusuak, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Mikel Larrañagaren kontra ariko dira. Gauean Mozorro Zurien afaria Ekaitza Elkartean. Gauerditik aitzinera dantzaldia gorapean Oharkabe taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun