Bizipoza zer den azaltzen duen emanaldia izanen da eta egitasmoa osatzen duten bi talderen dokumental ttikiak (Bortzirietako Guztiok eta Biak Bat) eskainiko dituzte, baita Bizipozarena ere. Estitxu Fernandez eta Anabel Arraizak aurkeztuko dute eta gonbidatu bereziak izanen dira, beraien elkartasun keinua eginez: Gure Txokoa dantza taldea, Julen Zelaieta, Joseba Irazoki eta Petti.
Bizipoza egitasmoa
Irabazi asmorik gabeko egitasmoa da Bizipoza. Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du helburu. Eta aldi berean, elkarte hauek transmititzen dituzten baloreak jaso, hauekin aberastu eta hezi, eta hauek gizarteratuz herri inklusiboago bat eraikitzen saiatu.
Momentu honetan Euskal Herrian aritzen diren 35 elkartek osatzen dute Bizipoza (www.bizipoza.eus)
Hainbat ekimen burutzen dituzte urtean zehar baina azkeneko bi urte hauetan proiektu berri bat garatu dute: Dokuweb bat, non edukiak elkarteen inguruko mikro-dokumental txikiak diren, haur eta familia hauen istorio errealak. Eta honekin batera Bizipoza zer den azaltzen duen dokumentala ere.
Euskal Herri osoan zehar zabalpen lanak egiten dabiltza, elkartasuna, auzolana eta bizipoza bezalako baloreak gizartean euskaraz zabaltzeko. Lehenengo aurkezpenak hiriburuetan egin dituzte eta orain, eskualdeka eginen dituzte ahalik eta hedapen handiena hartu ahal izateko. Horietako bat izanen da Beran eginen dutena.