Jendetza bildu da Lesakako Endara auzoan San Anton egunean

Ttipi-Ttapa 2020ko urt. 20a, 14:00

Garai batean aziendak bedeinkatzen zituzten eta gaur egun zakurrak

Neguko eguraldi ederra, hotza baina eguzkitsua, probestuz, jendetza bildu zen igandean Lesakako Endara auzoan San Anton eguna ospatzera. Izen bereko baselizan mezak izan ziren orduero eta erromeri giroa Ola-Berri jatetxeko atarian. Bortzirietatik ez ezik, Gipuzkoa aldetik ere jende aunitz elkartu zen, oinez, bizikletaz, zaldiz, nahiz autoz joana. Beti Gazte elkarteak ibilaldi arautua ere egin zuen plazatik San Antonera eta Beti Gazte lasterkako kideek entrenamendu gisara ere egin zuten San Antonerako joan-etorria.

Garai batean aziendak bedeinkatzeko ohitura izaten zen eta orain, azienden faltan, zakurrak izan ziren protagonista. Baselizaren inguruan hiru itzuli eginez eta meza adituz bedeinkatu zituzten. Horretaz gain, erroskilak erosteko eta tragoxka hartzeko aukera ere izan zen. Arratsaldean, besta giroa Lesakako plazara jautsi zen, Laiotz taldearekin dantzaldia izan baitzen.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun