Abenduaren 27an, ortziralean erraustu dute Joxe Angel Zubiriaren gorpua Iruñean. Aitzinetik, azken agurra eman diote Lesakan bertan goizaldean. Albistur karrikako bi aldeak beterik, ehunka lagunek pasilloa egin diote. Hainbat herritatik etorritako adiskide eta lagunek, Zaldien Lagunak elkartekoek eta Ezker Abertzaleko kideek banderekin eta txaloekin agurtu dute. Aurreskua ere dantzatu diote.
Iruñean ere omenaldia egin diote Zubiriari, erraustegi atarian. Berriz ere Aurreskua dantzatu diote eta bertsoak, solasak eta musika ere izan dituzte, azken agur gisara.
Aski ezaguna
Olentzero gauak berri iluna ekarri zuen Lesakan. Joxe Angel Zubiria Leiza, 47 urteko lesakarra bat-batean hil zen. Aski ezaguna zen Zubiria, herri-lanean hainbat arlotan murgildua: inauterietan zakozarren kalejiran edo Fraindarrak taldearen erratz-eramaile, sanferminetako peñen danborradan laguntzaile, ferietan azienden garraiolari, zaldi-hezitzaile,… aitzineko agintaldian, zenbait hilabetez EH Bilduko zinegotzi ere izan zen eta aurtengo sanferminetan, lehen aldiz bandera dantzatu zuen. Berriki, bera zaldi gainean, bi lasterkariren kontra egindako apustuak ere zer errana eman zuen.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!