Joxe Angel Zubiria lesakarrari azken agurra eskainiko diote ortzirale goizean

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 26a, 10:17
Joxe Angel Zubiria, bandera dantzatzen San Fermin egunean.

Iruñeko erraustegira eraman aitzinetik, ohorezko agurra egin eta aurreskua dantzatuko diote sorterrian

Olentzero gauak berri iluna ekarri zuen Lesakan. Joxe Angel Zubiria Leiza, 47 urteko lesakarra bat-batean hil zen. Aski ezaguna zen Zubiria, herri-lanean hainbat arlotan murgildua: inauterietan zakozarren kalejiran edo sanferminetako peñen danborradan laguntzaile, fraindarrekin erratza astintzen, ferietan azienden garraiolari, zaldi-hezitzaile… aitzineko agintaldian zenbait hilabetez EH Bilduko zinegotzi ere izan zen eta, aurtengo sanferminetan lehen aldiz, bandera dantzatu zuen. Berriki, bera zaldi gainean, bi lasterkariren kontra egindako apustuak ere zer errana eman zuen.

Abenduaren 27an, ortziralean, errausteko dute Joxe Angel Zubiriaren gorpua Iruñean. Aitzinetik, azken agurra eman nahi diote Lesakan bertan. Horretarako, ortziralean 07:00etan paratu dute hitzordua Arranoko atarian. 07:20ean abiatuko da funerariako ibilgailua bere gorpuarekin Iruñerantz eta, bertan, karrikan, pasilloa egin nahi diote bere adiskideek, Zaldien Lagunak elkartekoek eta Ezker Abertzaleko kideek. Aurreskua ere dantzatuko diote.

Iruñean ere omenaldia eginen diote Zubiriari, erraustegiaren atarian, 08:45ean hasita. Berriz ere Aurreskua dantzatuko diote eta bertsoak, solasak eta musika ere izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun