Gazte-gaztetatik hortan ibili izan dela aipatu digu: «eskua banuen eta patata edo arto tartean errelduak egin behar zirenean, ni jartzen ninduten zaldiarekin aitzinean eta aita eta bizilaguna makinarekin aritzen ziren gibeletik». Baina lana soilik ez, gozamena ere eman die zaldiek: «monturazko zaldia dut orain. Terrenorik ez dut, baina bati eta bertzeari eskatuz, bizia bilatuz, lortu dut nire zaldia izatea. Eta egia erran, hagitz gustura ibiltzen naiz».
Apustua
Ibili eta ez edonola, uda partean zererrana eman zuten Zubiriak eta bere zaldiak: «zaldia nahiko txukun ibiltzen zela ikusten nuen eta duela urte batzuk zaldi baten eta lasterkari baten artean egin zuten apustua errepikatzeko inguruan zirikan aritu nintzen. Baten kontra beharrean bi pertsonen kontra aritu nahi nuen nik».
Larunbat eguerdi batean, kafe baten bueltan, lotu zuten apustua: «Saralegiri bota nion erronka. Lasterka ongi ibiltzen da bera eta ingurukoak ere tartean sartu eta animatu egin zen». Bikotea topatu eta zaldia, bi lasterkariren aurka aritu zen azkenean: «zaldiak irabazi zuen, baina larri. Polita izan zen, aunitzetan jendea ekartzeko zer egin pentsatzen aritzen zara eta hori gauza aunitzik gabe egin eta jende aunitz bildu zen». Anekdota ttiki bat ere kontatu digu: «Bera aldera, erdi gordean, zaldiarekin entrenatzera joan eta Saralegi familia osoarekin egin nuen topo!, gordean ibili nahi eta behar ez zuenak ikusi azkenean».
Ferien antolaketa
Azienda kontuak goiti eta beheiti ibilita, feria ezin aipatu gabe utzi. Antolaketa lanetan ibili da azken aldian: «bilerak egin ditugu eta baserritarrekin zer azienda jaitsi behar den solastatu eta aitzineko urtetik zer hobetu behar den ikusi dugu». Antolaketa hori aitzinetik eginda, feria eguneko lanak erraztu nahi dituzte: «zenbat azienda heldu den jakinda, ongi banatu eta eta horrela aziendak zuzenean bere lekura joanen dira». Lehiaketan ere moldaketa ttiki bat egin dute: «Ardien presentzia indartzeko bortz ardi eta ahariarekin lotea osatzeko eskatu diegu baserritarrei. Salmentarako txoko bat jartzea ere pentsatzen ari gara». Feria egunez aldatzea ere urtero mahai gainean jartzen duten kontua omen da: «feria asteburura pasatzea burutan izan dugu aunitzetan, baina momentuz bere horretan utzi dugu».
Feriak biziz
Goizean goizik hasten du feria eguna: «aitzineko egunean hasten gara aziendak mendian biltzen eta feria egunean baserritarrei aziendak jaisten laguntzen diet. Astia baldin badut, hortxe nago laguntzeko». Seiak alderako lanean hasi eta, «kakaz oratu alde guztietatik, ezin kargatuz ibilita ostikadaren bat jaso...», irrika laburbildu digu egitekoa, «gero, herrira ailegatzen garelarik aziendak lotu eta gosaltzera joaten gara». Sari-banaketa ikusi ondotik, «aziendak baserri eta belar-soroetara eramaten ditugu. Luze egiten da, aziendak utzi orduko 16:00 izaten dira. Gero etxera joan dutxa bat hartu bixi-bixi eta bazkaltzera joaten gara. Egun hagitz polita da guretzat».
Feria indartsu
Azienda feria indartsu dagoela dio, «aspaldiko urtetan azienda dezente ekartzen da feriara. Bertze urte batzuetan parte hartu izan ez duen jendea ere animatu da aurten». Alde horretatik, gazteen artean piztua den interesa azpimarratu nahi izan du: «Lesakan bada azienda duen gazte kuadrilla dezentea. Monturako zaldiak, behiak, betizuak... Ez dakit nondik heldu den horrelako afizioa».
Horrek etorkizuna izan dezan, «elkarlana» funtsezkoa izanen dela uste du eta eman dute pausoa: «whatsapp taldea egin dugu eta hasi gara bilerak egiten. Zer mendi garbitu behar den traktoreekin, zein erre... denon artean erabakitzen dugu. Duela gutti, erraterako, auzolan bat egin dugu Artikutzako mugako zerrakura berritzeko». Egunerokoan ere hagitz ongi heldu zaie hartu-emana izatea: «aziendaren bat behar ez den tokian ikusten badugu taldean idazten dugu. Ezagutzen ditugu baten eta bertzearen aziendak eta horrek erraztu egiten ditu gauza guztiak».