Berako IV. Kinto besta arrakastatsuaren ondotik izan diren txikizioak salatu ditu antolakuntza taldeak

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 5a, 15:01
Eskola inguruan hainbat edukiontzi irauliak agertu ziren Berako kinto bestaren biharamunean.

Egunean izandako giro bikaina azpimarratu dute eta eskerrak eman lagundu duten guztiei

 

Laugarren urtez, azaroko azken larunbatean, kinto besta ospatu zuten beratarrek, hogeita hamar kinta baino gehiago bilduz. Bestak, adin hagitz ezberdineko jendea bildu zuen eta egun euritsua izan bazen ere, giroa ezin hobea izan zen. «Egun berezi hau antolatzen aritzen garen taldearen partetik, eskerrak eman nahi dizkiegu hau dena aitzinera ateratzen laguntzen duten ostatu eta jatetxeei, Berako udalari eta baita Elutxa txarangari ere, eguna alaitzen laguntzeagatik», adierazi du kinto besta antolakuntza taldeak.

«Dena den, –dio taldearen oharrak– biharamunean albiste tamalgarriak ailegatu zitzaizkigun, hainbat edukiontzi irauliak eta errekan agertu zirelako eta eskolako komunetan txikizio handiak egin zituztelako».  Jokabide hauek salatu nahi ditu kinto bestako antolakuntza taldeak, «onartezinak direlako eta giro baketsu eta alaian joan zen eguna belztu zutelako. Holako jarrerek kalte larriak sortzen dizkiote gure herriari. Beraz, espero dugu horrelakorik ez errepikatzea eta biharamuneko ondoriorik larriena bestondoa izatea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun