Uso-ehiza denboraldi «tristea» izan dute Etxalarko usategietan

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 26a, 06:30
Aurtengoan ez dute paleta aunitzetan botatzerik izan Etxalarko Usategietan. Argazkia, Trepabielan ateria da.

619 uso eta txoloma harrapatu dituzte sareetan

Pasa den asteazkenean, azaroaren 20an bukatu zen 2019ko Etxalarko sarezko uso harrapaketa tradizionalaren denboraldia. Aurtengoa ez da batere sasoi ona izan, 51 dozena eta 7 uso bakarrik harrapatu baitituzte sareetan, 619 uso eta txoloma denera. Arrazoi nagusia, azaroan bota duen euria izan da. Egun onena, urriaren 25a izan zen, 21 dozena uso harrapatu baitzituzten egun hortan. Uso gehien pasatu zen eguna berriz, azaroaren 19a izan zen, baina ezin izan zituzten harrapatu, hagitz altu pasatu zirelako.

Bisita gidatuei dagokienez, aurten 250 lagunek ezagutu dute barrenetik ehundaka urteko tradizio hau eta hauetako batzuk, usoak eta beraiekin egiten den lana bertatik bertara ikusteko aukera izan dute. Bisitari gehienak Euskal herrikoak izan dira.

 

Zozketak

12 uso bizien zozketa, pasa den azaroaren 15ean egin zen, VIII. Gastronomia lehiaketa egunean eta zenbaki irabazlea 4046-a izan zen, bigarren sariaren zenbakia (Bi lagunentzako afaria Elutsan), 3652-a eta eta hirugarrena (usategietako produktu lotea), 3613 zenbakia. Zenbaki saridun hauek dituztenak, 690 26 77 56ra deitu behar du, saria eskuratu ahal izateko, hiru hilabete baino lehen.

 

Pirinioetan Etxalar laugarren eta Sara zazpigarren

Pirinioetako sarezko usategien harrapaketen konparaketari dagokionez, aurten Etxalar laugarren postuan gelditu da. Uso gehien harrapatu duen usategia eta txapela haundia eramango duena, Naphal izan da 1564 uso harrapatuta, bigarren Oskix 913 usorekin, hirugarrena Lanne, 631kin, laugarrena Etxalar, 619rekin, bostgarrena Lantabat 594rekin, Lecunberry 291kin, Sara 186rekin eta boneta ttikia Aldudeko usategientzat, 30 usorekin.

Datorren abenduaren 7an, Pirinioetako sareetako usazale guztien urteroko bazkaria ospatuko da Sarako usategietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun