Bortzirietako azienda onenak sarituko dituzte gaur Lesakako ferietan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko aza. 19a, 06:30
Aurtengoan ahariak saritu ordez, artaldek sarituko dituzte Lesakako ferietan.

Feriak maite dituenak izanen du asetzeko aukera azaroan; astero azokaren bat izanen baita eskualdean. Gaur, azaroak 21, Lesakan izanen dute hitzordua. Goizean artisau eta azienda azokak hartuko ditu plaza bazterrak. Eguerdira arte, Baztango Gaiteroak karrikaz karrika ibiliko dira. 11:00etan herri-kirol erakustaldia izanen dute, plazan. Ondotik, Sebastian Lizaso eta Julio Soto bertsolariak igoko dira oholtzara.

Lehiaketan aldaketak

Lesakako ferietan protagonismo handia hartzen dute inguruko abelburuek, Bortzirietako azienda lehiaketa egiten baita. Goizeko 11:00etatik aitzinera Plaza Zaharrean eta inguruko karriketan betabereak, zaldiak, pottokak, monturakoak, poniak, ahariak eta zatalbereak egonen dira ikusgai.

Lehiaketa kategoria desberdinetan banatua dago eta horren arabera banatzen dituzte sariak. Hala, aurkeztuko diren behiak suitza, holandesa eta haragitako kategorietan banatu eta maila bakoitzeko hiru onenak sarituko dituzte, 190, 160 eta 100 euroko sariekin. Zaldietan, 125, 95 eta 50 euroko sariak izanen dira hiru onenentzat eta aurten, lehen aldiz, larre behor onenentzat ere sariak izanen dira, 100, 50 eta 30 eurokoak

Azken urteetan bezala, pottoka, monturako zaldi eta poni onenek ere saria jasoko dute, 100, 50 eta 30 euroko sariak hiru onenentzat kategoria bakoitzean.

Behi nahiz zaldi-azienden lehiaketan, jabe bakoitzak gehienez hamar buru aurkeztu ahal izanen ditu.

Orain arte ahariak ere saritu dira Lesakan, baina aurten artaldeak aurkeztu beharko dituzte artzainek, gehienez ere bortz ardi eta ahari batekoak.  Artalde onenak 100 eurokoa saria eskuratuko du, 95 eurokoa bigarrenak eta 50 eurokoa hirugarrenak. Sari banaketa eguerdi partean eginen dute eta orduan jakinen da zein diren aurtengo Bortzirietako azienda hoberenen jabeak.

Azienda lehiaketako sariak banatuta, mahaiaren bueltan bilduko dira herritarrak. 17:00etan pilota partidak izanen dira pilotalekuan. Pala egokituan, Beñat Lizaso eta Joseba Lasa, Asier Navaridas sunbildarra eta Jesus Matarratzen aurka ariko dira. Eskuz binaka, berriz, Jon Olaizola III.a lesakarra eta Mikel Beroiz, Ugaitz Elizalde iturendarra eta Iñigo Martinez beratarraren aurka. Eguna akitzeko muxikoak izanen dituzte Jeiki Hadi taldearen eskutik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun