Euskararen arnasguneen garrantzia nabarmendu dute Beran

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 12a, 15:00

Unai Miranda (Goizuetako alkatea), Ladis Satrustegi (Lesakako alkatea), Aitor Elexpuru (Berako alkatea), Ana Ollo (Kontseilaria), Mikel Arregi (Euskarabidea), Miren Segurola (UEMA) eta Silvia MaraƱon (Etxarri-Aranazko alkatea).

‘Arnasa gara’ kanpaina aurkeztu dute azaroaren 12an UEMAk, Nafarroako Gobernuak, Euskarabideak eta Nafarroako hainbat udalerri euskaldunek.

UEMAk, Nafarroako Gobernuak, Euskarabideak eta Bera, Etxarri Aranatz, Goizueta eta Lesakako udalek Arnasa gara kanpaina aurkeztu dute azaroaren 12an, Berako Beralandeta aretoan egindako agerraldian. Ekimenaren helburua euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea

Ekimenak bi fase izanen ditu. Lehenengoak arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko du, eta horretarako kanpaina bat abiaraziko da udalerri euskaldunetan, ekimena azaltzeko eta honen osagai nagusietako bat izango den Kartzela serie digitala herriz herri aurkezteko. Bigarren fasean, berriz, ekimena Nafarroa osora zabalduko da, arnasguneen errealitatea eta garrantzia ezagutzera emateko. Proiektuan Nafarroako Gobernuak, Euskarabideak, UEMAk eta Hiruko Itunak hartzen dute parte, hainbat udalerri euskaldunetako udalekin batera.

UEMAko koordinatzaile Miren Segurolak gaurko agerraldian adierazi duenez, «Arnasa gara kanpaina, arnasguneak euskararentzat zein garrantzitsuak diren nabarmendu nahi duen ekimena da. Herri honen berezko hizkuntza modu naturalean arnasguneetan ari da taupaka, sendo eta osasuntsu. Horregatik, arnasguneak gure hizkuntzarentzat zein garrantzitsuak diren gogorarazteko eta herritarrek horren kontzientzia hartzeko beharra ikusi dugu UEMAk eta beste hainbat erakunde publikok. Batetik, arnasguneetako biztanleek kontzientzia har dezaten. Bestetik, gainerako herritarrek ere arnasguneak babestea eta hedatzea euskararen normalizaziorako ezinbestekoa dela jakin dezaten, hizkuntza ekologiaren ikuspegian bidea eginez».

Sortu zenetik, aunitz urtez aritu da UEMA arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzen, euskararen normalizazioan eta erabileran duten eraginagatik. Etenik gabe aldarrikatu du euskararen arnasguneek berariazko aitortza, zaintza eta babesa behar dutela, udalerri euskaldunak garatzeko hizkuntza politika berezituarekin batera. Miren Segurola koordinatzailea pozik agertu da hainbat erakunde publikok alderri horrekin bat egitearekin: «UEMAk urte askoan landutakori denon artean emango diogu hauspoa orain, kanpaina berri eta sendo honekin. Guretzat, benetan eskertzekoa da erakunde hauek guztiak batzea orain arnasguneak berariaz aitortzeko eta zaintzeko beharraren inguruan».

Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, horrelako ekimen batek Nafarroan duen garrantzia nabarmendu nahi izan du: «Euskararen I. Plan Estrategikoan helburu nagusietako bat euskararen egoera hobetzea zen, arnasgune deiturikoetan hizkuntza horren erabilera indartuz. Badakigu zuen herrietan euskaraz bizi daitekeela, eta hala erakusten duzue egunero». Arnasguneak ere balioan jarri nahi izan ditu kontseilariak. «Baloratu dezagun egunero bizi duzuen errealitatea eta zuen bizilagunek duten zortea. Eta ahalduntze prozesu honetan, ziur ekimenak lagunduko digula», adierazi du.

Euskarabideko zuzendari den Mikel Arregik, arnasguneen garrantzia nabarmendu, euskarari egiten dioten ekarpena aitortu eta horretarako kanpaina honek izanen dituen ekitaldiak eta faseak jakinarazi ditu.

Gaurko agerraldian izan dira ekimen honetan parte hartuko duten Nafarroako zenbait udalerritako alkateak ere: Silvia Marañon, Etxarri Aranazko alkatea; Unai Miranda, Goizuetako alkatea, Ladis Satrustegi, Lesakako alkatea eta Aitor Elexupuru, Berako alkatea eta UEMA. Guztiek bat egin dute arnasguneen garrantzia azpimarratzeko orduan eta nabarmendu dute proiektu honen atzean dagoen lankidetza.

«Gustura gaude arnasguneetan bizi garelako, baina baita adi ere. Osasuntsu egon arren, hauskorrak ere baikara eta, beraz, berariaz zaindu beharreko herriak dira gureak. Euskara modu naturalean transmititu izan da gurean mendez mende, baina gaur egun adi ibili behar dugu, mundu globalizatu honetatik haur eta gazteei heltzen zaiena erdaraz baitator nagusiki, eta horrek eragin handia du gero erabileran. Beraz, zer-nolako altxorra daukagun kontziente izatea eta herritarrei horren berri ematea da gure arduretako bat, euskararen arnasa zabaltzen segi dezaten. Horregatik, gustura hartzen ditugu honelako kanpainak. Herritarrei, parte hartzeko eta ekitaldietara etortzeko deia egiten diegu» adierazi du Silvia Marañonek, Etxarri Aranazko alkateak.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun