«Bakoitzak gure euskalkia erabili izanak egiten du istorioa berezi»

Ttipi-Ttapa 2019ko aza. 2a, 11:00
'Kartzela' webserieko aktoreak; ezkerretik hasita bigarrena da Juanen Saralegi lesakarra.

Juanen SARALEGI ALZATE, 'Kartzela' serie digitaleko aktore lesakarra

 

Arnasa Gara egitasmoaren barne, Kartzela serie digitala ekoitzi dute, bertsolari txapelketako finala bukatu ondotik, BECen preso gelditu diren sei lagunen istorioa kontatzen duen zazpi kapituluko webseriea. Arnasguneetako herritarrak dira protagonistak, Euskal Herriko sei bazterretakoak, eta bakoitzak bere euskalkia erabili du. Hori da, hain zuzen, seriean parte hartu duen Juanen Saralegi aktore lesakarraren iritziz, «istorioaren berezitasuna».


Aitortu digunez, «kasualitatez» hartu du parte: «zuzendaritzako baten etxean lanean ari nintzela, nire profileko aktorea behar zutela aipatu zidan, nafarra, 40 eta piko urtekoa...». Hala, «probatxo bat egin» eta aukeratu zuten. Esperientzia «ia berria» izan da beretzat, «antzerkian urteetan ibili naiz baina kameren aitzinean gauza gutti eginak ditut». Halere, kontent ibili da, «gogoa eta ilusioa» sumatu dituen taldean; «hagitz ongi moldatu gara».

Gainerakoan, kanpaina «egunerokoan euskara aunitz erabiltzen duten herriei eginiko aitorpen polita» iruditzen zaio: «normaltasunez euskara erabiltzen dugunak ez gara ohartzen gure herritik kanpo euskara ez dela hain erabilia». Hortaz, kanpainak «euskara ahalik eta gehien erabiltzeko indarra» eman beharko lukeela dio. Bide batez, «euskara hainbertze erabiltzen ez duten ondokoak kutsatzea» nahi luke, «euskaraz dakitenak erdaraz aditzeak min egiten didalako».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun