Baserritarren Egunaren XXIV. edizioa eginen dute ortzirale honetan Arantzan

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 29a, 13:00

Goizean jatekoen eta eskulanen erakusketa eta salmenta postuak paratuko dituzte frontoian eta horrez gain, aziendak ere ikusgai egonen dira. Ahari eta gazta lehiaketak ere antolatu ditu Ekaitza Elkarteak eta herriko trikitilari eta panderojoleak herri ingurua alaitzeaz arduratuko dira.

Kultur Egunen bigarren zatia ate joka dute aranztarrek. Joan den asteburuan izan zituzten ekitaldien ondotik, ortzirale eta larunbat honetan borobilduko dute aurtengo kulturaldia. Ortziralean, aurten 24. urtez, Ekaitza Elkarteak herritarren produktu, eskulan eta aziendekin osatuta Baserritarren Eguna antolatu du. Aitzineko aldietan bezala, 20 bat erakusketa eta salmenta postu paratuko dituzte herrian egindako barazki, gozoki, zerriki, talo eta eskulanekin. Horiez gain, aziendak eta garai bateko tresnak ikusgai izanen dira.

Gazta eta ahari lehiaketak ere antolatu ditu Ekaitza Elkarteak eta urtero bezala, bertako produktuekin osatutako saskiaren zozketa eginen du. Pintxoak eta tragoxka hartzeko ostatua ere betiko tokian izanen da. Eskolak hartuko du ardura eta bertatik ateratakoa haurrek egiten duten antzerki tailerra ordaintzeko izanen da. Herriko trikitilariak eta panderojoleak herrian barna eta frontoian ibiliko dira giroa alaitzen.

Larunbatean gehiago

Ekaitza Elkarteak berak larunbaterako bertze ekitaldi batzuk ere antolatu ditu. 16:00etan Niala magoaren ikuskizuna izanen da eskolan. 17:30ean partxis txapelketa hasiko da elkartean eta 19:00etan mus txapelketa jokatuko da toki berean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun