Nafar Kronoeskaladen azkena larunbatean egin dute Ibardinen

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko urr. 22a, 19:00

Adèle Kerbaol, Didier Zago eta Jean-Marc Eyheraberry izendatu dituzte Nafarroako errege-erregin

 

Presoen eskubideen alde antolatutako Nafar Kronoeskaladetan azkena Ibardinen izan zuen helmuga urriaren 19an, Urruñatik abiatuta. 38 txirrindulari elkartu ziren eta eguraldia lagun izan zuten azkenean. Txapelketa guztian 85 parte hartzaile izan dira eta aunitzek bat baino gehiago igo dute. 50 punturekin Adèle Kerbaol izan da txapelketaren garaile., Jean Marc Eyheraberryk handbike batekin egindako igoera guztiei esker bigarren postua egin du 40 punturekin eta Didier Zago bearnokoak hirugarren postua egin du 40 punturekin ere. 

Adèle, Didier eta Jean-Marc txapelketako errege eta erregin izendatu dituzte eta Ibardinekoak aldiz, Bordeleko Jean Lebroton Karlos III.a Nafarrokoa izendatu dugu eta bertze alde batetik Larraitz Esnaola gipuzkoarra Joana III Albretekoa. 

Sari banaketa baino lehen hitz hartze txiki bat egin zuten txirrindulari guztieri eskertuz haien borondatea eta oroitaraziz zergatik asmatu duten txapelketa hau: «6 hilabete hauetan frantses estatuan 5 preso mutil hurbildu dituzte eta 2 geratzen dira Euskal Herritik urrun. Nesketan aldiz momentuko ez da konponbiderik aurkitu. Estatu espainiarrean ez dute bat mugitu ere azken sei hilabete hauetan. Eta bukatzeko ez ditugu ahantzi berrik Lorentxa Beyrie preso gaixoari eta Xistor Haramburuk eskatutako baldintzapeko askatasuna nola ukatu dizkieten». 

Gauzak horrela, txirrindulariek ere aitzinera segituko dute eta «hurrengo urtera begira segituko dugu gure txapelketarekin aldaketa batzuk medio. Pentsatzen dugu urtarrila aldera aurkezten ahalko dugula gure proiektu berria». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun