Mirua abesbatzak kontzertua eskainiko du urriaren 19an Beran

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 17a, 12:00
Mirua abesbatzak emanaldia eskainiko du larunbat arratsaldean Berako Kultur Etxean.

Larunbatean 19:00etan hasiko da Iruñeko koralaren emanaldia Kultur Etxean

Iruñeko Mirua Abesbatzak kontzertua eskainiko du Berako Kultur Etxean urriaren 19an, larunbatean 19:00etan, Ana Tejedorren zuzendaritzapean. Berako Abesbatzak antolatu duen emanaldirako sarrera doan izanen da.

MIRUA ABESBATZA

Lagun talde batek sortu zuen abesbatza, 2010ean. Haien helburua zen elkarrekin kantari disfrutatzea eta haiek entzutera etortzen zirenak gozaraztea. Gaur egun, 34 gizon-emakume elkartzen dira, lau ahotsetan kantatzeko.

Bederatzi urteko bizialdian, agerraldi mordoxka egin dituzte jende aitzinean, kontzertuak ematen han eta hemen. Horien artean, aipagarriak dira Europar Errenazimenduko Musika Kontzertua, Iñigo Casalík zuzendu zuen Ensemble Garklein moko-txirulen taldearekin batera, edo, berrikiago, Larrain-dantza: Nafarroatik lau haizeetara ikuskizunean izan duten parte-hartzea, San Andrés eta Atarrabia abesbatzekin batera.

Sorreratik beretik Iruñeko Nafarroako Blanca plazan dagoen Civivox Kultur Etxean egiten dituzte entseguak, eta leku horrexetatik abiatzen dira beti Bigarren Zabalgunea deitzen zaion auzoan barna urteko egun seinalatuetan: Santa Ageda bezperan eta Eguberrietan, koplak edo gabon-kantak kantatzen. Arestian erran bezala, jende guziarekin partekatu nahi baitute euren kantuzaletasuna.

Musika-laguntzarik gabe kantatu ohi dituzte, a cappella, euren errepertorio joria osatzen duten estilo eta gai diferenteko kantak. Zuzendari lanetan, lehenbiziko Patxi Martín aritu zen, baina gaur egun, 2017. urtetik honat, Ana Tejedor arduratzen da eginkizun horretaz.

Erlazionatuak

Mirua Abesbatzaz, Mikel Tabernarekin

Xorroxin irratia 2019 urr 18 Bortziriak   Bera

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun