Beratik Behobiara Ederbidea zikloturista martxa eginen dute irailaren 22an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko ira. 18a, 18:00
Duela bi urte Sunbillan egin zuten Ederbidea zikloturista martxa.

Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak antolatuta, Irungo bizikleta bestan parte hartzeko aukera emanen du

 

Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak antolatuta, Beratik Behobiara Ederbidea Martxa Zikloturista ez konpetitiboa eginen dute irailaren 22an. 2017an Sunbillan egin zen lehenbiziko edizioa eta aurtengoa izanen da bigarrena. Igandean 10:00etan abiatuko dira Toki Ona kiroldegitik eta 12:00etatik 14:00etata Irunen eginen den bizikleta bestan parte hartzeko aukera izanen dute parte-hartzaileek. 16:00etan Berara bueltan abiatuko dira.

Izen-ematea

Izen-ematea www.rockthesport.com webgunean egin daiteke irailaren 18ra bitarte. Dortsalak egun berean hartu beharko dira Toki Ona kiroldegian 08:30etik 09:45era. Proban 8 urtez beheitikoek ere parte har dezakete. Itzulerarako, behar dutenek eta izena ematen dutenek doako lanzadera-zerbitzua ere izanen dute, bizikletak berriz Berara ekartzeko..

Mapa zikloturista

Irunen eginen den Bizifestan parte hartuko du Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoak eta bertan egonen den ferian aurten karrikaratu duen mapa zikloturista eskuratzeko aukera ere izanen da. Bertan, Ederbideako bide nagusia ez ezik, eskualdean egin daitezkeen 12 lotura zikloturista jasotzen dira, baita gure herrietan egiteko oinezko ibilbideak ere.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun