Aurten ere emakume batek gidatu du Berako San Esteban eguneko Bordondantza

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 3a, 13:23
Izaskun Agarak gidatu du San Esteban Eguneko Bordondantza taldea aurtengoan,

Izaskun Agara Martinez izan da 13 laguneko taldearen kapitaina bestetako egun handian

 

Azken bortz urteetan bezala, Berako San Esteban eguneko Bordondantza eta Makildantza dantzatzen emakumeak ere aritu dira, gizonezkoekin batera. Aurten, gainera, lehen aldiz neska gehiago izan dira mutilak baino. Eta joan den urtean bezala, emakume batek gidatu du bestetako dantza nagusia: Bordondantza. Joan den urtean Leire Barrutia Elizalde izan zen buru eta aurten Izaskun Agara Martinezek hartu dio lekukoa. Izaskunekin batera, Mikel Agara bere anaia bixkia, Saioa Irazu, Ane Pacheco, Paula Artieda, Iraia Gillenea, Ieray Taberna, Mikel Goienetxe, Eli Irazoki, Josu Iparragirre, Ane Elzaurdia, Leire Barrutia eta Oier Larretxea aritu dira. 

Gero, plazan, herriko bandera dantzatu du lehen aldiz Julen Errandonea Martin zinegotzi gazteenak, oraingoan bai, udal ordezkari guztiak inguruan zituela, Iñigo Ugalde izan du laguntzaile alabardarek

Bandera Herriko Etxera igo ondotik dantzatu dituzte Bordondantza eta Makildantzak eta ondotik, Maialen Lujanbio eta Julio Soto aritu dira bertso kantari plazan eta Ezpelur gaiteroak Ibardinen barna. Arratsaldeko dantza saioaren aitzinetik, Incansables txarangak ere joko du San Jose Zahar Etxean

 

Arratsaldeko Aurreskua

Goizeko dantzen ondotik, arratsaldeko Aurreskuaren txanda izanen da. Dantzariek, aurten mutil kapitain baten etxean, Iosu Iparragirreren etxean berendua hartu eta joanen dira plazara. Aurreskuan, Josu Iparragirre eta Saioa Irazu izanen dira aitzinesku eta Paula Artieda eta Unai Etxegarai atzesku.

Aitzinesku eta atzeskuekin batera, Ioritz Arburua eta Saioa Ugalde, Ieray Taberna eta Saioa Zelaieta, Xiker Lizardi eta Arantxa Sese, Oier Larretxea eta Ane Fagoaga, Ruben Pedrosa eta Onintza Zapiain, Jokin Pinatxo eta Irati Fagoaga, Mikel Esnaola eta Iraia Gillenea eta Joseba Bergara eta Oihana Berasategi ariko dira arratsaldeko dantzetan. Iosu Iparagirrek eta Saioa Irazuk dantzatuko dute Aurreskua.

Afarian ere aldaketa izanen da, izan ere, beti neskaren etxera joan izan dira mutilak afaltzera eta trukean postrea neskaren izenarekin eramaten zuten, baina aurten mutilen etxeetara joanen dira neskak, hauek tarta eramaten dutelarik postre gisa. 

Hau guztia urtero aldatuko da. Beraz hurrengo urtean berriz ere nesken etxetara, bai berendua eta bai afaria.

Dantza saioaren ondotik, Berako Musika bandak ere bere emanaldia eskainiko du eta egunero bezala, dantza herrikoiak izanen dira Altzateko karrikan, Ezpelur gaiteroen laguntzarekin.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun