Mikel Beunzak eta Lurdes Oiartzabalek irabazi dute Berako VI. Gau Krosa

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 2a, 12:30
Beunza, Apezetxea eta Lasagak osatu zuten gizonezkoen podiuma.

Orain arteko parte-hartze handiena izan du seigarren edizioak

Eguraldi eta tenperatura ederra lagun, Berako Gau Krosaren seigarren edizioa ospatu zuten atzo. 7,4 kilometroko luzera eta 300 metroko desnibela duen ibilbidea osatzen Mikel Beunza Iraizoz ultzamarra eta Lezoko Lurdes Oiartzabal Etxeberria izan ziren azkarrenak. Lasterketetan ibili izan diren Berako korrikalari ohiak omendu zituzten.

Guztira 154 korrikalarik hartu zuten parte, aitzineko urteko marka gaindituz (139 partaide), eta orain arteko parte-hartze handiena izatera pasatuz. Ikusleei eta musikari esker, giro animatua izan zuten.

Omenaldia

Hasi aitzinetik, 70ko eta 80ko hamarkadetan lasterketetan parte hartzeko bildu ohi ziren Berako korrikalariei, Gure Txokoaren kamiseta soinean zutela ibiltzen zirenei, omenaldia egin zieten. Patxi Pikabeak, Manttaleren izenean, kamiseta bana eman ziren bakoitzari: Bautista Telletxea, Andoni Garbisu, Xabier Eltzaurdia, Jose Mari Lasaga, Joxe Zubieta, Santiago Irazoki, Javier Iturria, Angel Blas, Juanma Irazoki eta Dionisio Fariñari. Gehienek Gau Krosean parte hartu zuten eta lasterketaren buruan joan ziren irteera neutralizatuan Mukixuko zubira arte. Aldi berean, Patxi Pikabeak, Berako korrikalari ohiek lehiatzen zutenean gaztetxo bat besterik ez zenak, bere semea den Oihaneren eskutik kamiseta bat jaso zuen.

Gizonezkoen artean, Mikel Beunza izan zen azkarrena. Ez da eskualdean lortutako garaipen bakarra. Izan ere, berriki egin zuten Berroetako Mendi Maratoi Erdian eta Urdazubiko kontrabandisten lasterketan ere biziena izan zen. 00:33:37 behar izan zituen helmugaratzeko, eta minutu eskaseko aldearekin helmugaratu zen Asier Apezetxea (00:34:22). Iñigo Lasaga Arburua izan zen hirugarren (00:34:29).

Emakumezkoetan, Lizuniagako Igoeran hainbat aldiz irabazle izandako Lurdes Oiartzabal Etxeberria izan zen irabazle (00:40:28); eta Nerea Amilibia bigarren (00:40:56). Ane Elzaurdiak lortu zuen hirugarren postua (00:41:10). Hirurek hainbat lasterketatan parte hartu izan dute.

Lehendabiziko beratarrak Gwendal Larque Sanjurjo (00:35:08) eta Ane Elzaurdia Mentaberri (00:41:10) izan ziren, sailkapen orokorrean laugarren eta hirurogeita hamalaugarren postua lortu zutenak.

Taldekako parte hartzea ere izan zen. Zinaurriak kuadrilla izan zen lehenengo sailkapenean, Zirzilaken aurretik, eta Eztakitek jaso zuen kuadrillarik haundienaren saria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun