Erriberako Futbol Eskolaren Campusaren lehen txanda lanean ari da Lesakan

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 18a, 13:00
Lesakan egiten ari den futbol kanpuseko parte-hartzaileak eta monitoreak Mastegi futbol-zelaian.

Aste honetako txandan 11-12 urteko 86 mutiko ari dira, tartean Beti Gazteko hamabi

Erriberako Futbol Eskolak hogeita zazpigarren urtez antolatu duen kanpusaren lehenbiziko txanda egiten ari dira aste honetan, hemezortzigarren urtez segidan Lesakan. Chus Rodriguez arduradunak aipatu digunez, hamaika eta hamabi urte arteko 86 mutiko ari dira uztailaren 15etik 21erako aste honetan. Alberto Undiano Mallenco nazioarteko futbol epaile nafarrari astelehenean egindako omenaldiarekin abiatu zen kanpusa.

Horietatik Igantziko bat eta Lesakako hamaika badira, Beti Gazteren harrobiko hamabi jokalari: Unax Etxarte Etxeberria (Igantzi) eta Oier Ordoki Fagoaga, Ibon Ruiz Sarasola, Eneko Irazoki Caramazana, Urko Olaizola Mendegia, Aimar Otxandorena Mitxelena, Beñat Criado Arruabarrena, Beñat Etxepare Aiestaran, Enaitz Oskoz Anzizar, Unax Oskoz Anzizar, Hegoi Silveira Arrieta eta Peru Urra Iekora lesakarrak. Monitore lanetan ere bertze lesakar bat ari da, Xabi Etxenike Iantzi. Baina Nafarroa osotik ez ezik, Gipuzkoa, Araba eta Aragoitik etorritakoak ere badira.

Chus Rodriguez kanpuseko zuzendariak eskerrak eman dizkie aurten ere bai Lesakako udalari, bai Beti Gazte elkarteari, ematen dituzten erraztasunengatik. Berez Erriberako Eskolak gauzatutakoa izanik, Cabanillas, Lodosa, Gares eta Beiren eginkatu dute, baina hemezortzi urte hauetan Lesakan laketu dutela onartu du Rodriguezek. Ohikoa denez, futbolean trebatzeaz gain, aisialdirako ekintzak ere egiten dituzte, hondartzara edo mendira joanez, etab… Igande eguerdian Harriondoan eginen dute itxiera ekitaldia.

Heldu den astean, 9 eta 10 urte arteko 62 haur etorriko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun