Honela, hasteko, Kultur Etxearen atarian Aurreskua dantzatu zion Unai Gurrutxaga Lesakako ezpatadantzarien aitzineskuak Undiano Mallencori, Aitor Saenzek txistua jotzen zuen bitartean. Ondotik, Kultur Etxearen barrenean, oroigarria eta kanpuseko kamiseta eman zizkion kanpuseko zuzendari den Chus Rodriguezek epaileari, honen ibilbidea azpimarratu ondotik. Izan ere, Espainiako ligan ehundaka neurketa zuzentzeaz gain, Europa eta Mundu mailakoak ere zuzendu ditu. Kanpusaren ohorezko irakasle ere izendatu zuten. Beti Gazteren izenean, Jose Luis Sunsundegui presidenteak ere elkartearen zapia paratu zion Undiano Mallencori.
Ladis Satrustegi Lesakako alkateak ere epailearen ibilbidea goraipatu zuen eta, aldi berean, ongietorria eman zion kanpusari, «udan bizi handia ematen diolako Lesakako karrikei».
Manolo Osorio, Nafarroako futbol-epaile eskolako ordezkariak ere esker oneko solasak eskaini zizkion eta, aldi berean, kanpusean parte hartuko duten futbolari gaztetxoei, taldekideekin, arerioekin eta epaileekin errespetuz jokatzeko eskatu zien. Ildo berean, Undiano Mallencok berak aipatu zuen arbitro izatea futbolaren bertze osagai bat dela, ezinbertzekoa eta probatzera ere animatu zien.
Bi txanda
Uztailaren 15etik 21era bitarteko lehen txanda honetan hamaika-hamabi urteko 85 haur dituzte kanpusean, tartean Beti Gazteko hamar. Hurrengo astean, hilaren 22tik 28ra, 62 haur izanen dira, tartean Beti Gazteko dozena bat. Kultur Etxean hartuko dute ostatu eta goizetan Mastegin futbolarekin lotutako jokoak eta ariketak egin ondotik, arratsaldetan bertze zereginetan ariko dira: mendia, hondartza, jolasak…