Emakumearen Baratzeko urteurren besta hilaren 20an ospatuko dute Arantzan

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 17a, 12:00
Emakumearen Memoriaren Baratzea joan den urtean inauguratu zuten Arantzan.

Antzerkia, musika, bertsoak eta dantza nahastuko dituen emanaldia prestatu dute larunbaterako 

Uztailaren 20an, larunbata, Emakumearen Memoriaren Baratzearen urtemugako besta ospatuko dute. Emanaldian emakumeen historiak izanen dira abiapuntu eta ardatz eta herrian barna ibilbide bat eginen dute. Arantzako, inguruko eta kanpoko aktoreak, musikariak, bertsolariak, dantzariak... izanen dira partaide eta ibilbideari baratzean emanen diote akabaila, dantza adierazpen baten bitartez.  

Besta behar bezala atera dadin, auzolanean dabiltza azken egunotan. Joan den astean baratzea garbitu zuten; aste honetan garbiketarekin segitu eta neguko barazkiak landatzen ariko dira; eta uztailaren 17an, asteazkenerako urteurren bestarako prest jarriko dute baratzea. Horretarako 09:30ean bilduko dira, baratzean bertan. Parte hartu nahi duenak 600 39 31 93ra dei dezake. Uztailaren 20an, berriz, 12:00etan Herriko Plazan egin dute hitzordua. Egun horretan hazi, landare edota emakume baten historia  baratzera eramateko aukera izanen da aipatu telefonora deituta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun