Mentxu Peña: «Gure memoria ttikia delako sortu dugu Emakumearen Memoriaren Baratzea»

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 16a, 11:00

Esther Carrizo eta Mentxu Peña, emakumearen memoriaren baratzeko uzta banatzen.

Heldu den uztailaren 20an Baratzearen inaugurazioaren urteurrena ospatuko dute

 

2018ko uztailaren 15ean inauguratu zuten Arantzan Emakumearen Memoriaren baratzea,besta eta arte emanaldiaren bitartez. Han haziek emandako landareak eta landareekin batera gure zonaldeko emakumeen historiak bildu zituzten. «Espazio horren inaugurazioa lehen urrats izan zen. Honek animatu gaitu eskualdeko emakumeen historien bilaketan eta ikerketan sakontzeko, biltzen eta idazten segitzeko. Oraindik ezagutzen ez ditugun balentria handi eta txikizko ekintzen egileak. Eta horrela erreferente femeninoak edukitzen hasteko aukera zabalduko da. Hori dena Amalurrarekin lotuta», aipatu digu Mentxu Peñak. Sei bat emakume aritzen dira baratzea lantzen eta horietako bat da Peña.

Uztailaren 20an urteurrena ospatuko dute eta egitaraua prestatzen ari dira. Dantzari eta bertsolariekin goizez ekitalditxo bat egiteko asmoa dute baratzean goizez.

 

Uztailaren 15 geroztik hainbat lan egin dituzue…

Baratzea auzolanaren bidez zaintzen ari gara, urtaro bakoitzari dagokion zainketa ematen. Uztaileko egun hartan landatutako barazkiak, udazkeneko uztan izan ziren bailaran banatuta, Bera eta Lesakako Nagusien Egoitzetan eta Arantza eta Berako Herri Eskoletan. 2018ko azaroaren 1ean Arantzan baserritarren eguna ospatu zen. Egun horretarako Baratzearen Iragarkiak kokatu genituen herrian eta baratzean bertan, eta baratzeak bisitak jaso zituen. 2018ko Abenduaren 29an Bortzirietako neska pilotariek sagar ondoa landatu zuten eta berarekin egun horretarako egindako bertsoa erein zuten. 2019 hasita, udaberri hasieran Arantzako eskolako gaztetxoek jaso dituzte gelditzen ziren azken barazkiak. Landare eta barazki berriak landatzeko lurra prestatu dugu… IKA Euskaltegiko ikasleak bisitan etorri izan dira lore bat lore bat lurrari eskaintzen… Arantzako eskolako neska-mutikoekin ere egin dugu ekimen bat: hemendik aitzinera beraiek ere parte hartuko dute eta beraien baratzea bezala landuko dute.

 

Zer dela eta Bortzirietako Emakumearen Memoriaren Baratzea Arantzan?

Harritik Hazia antzezlanaren ondotik sortu zen ideia izan zelako Emakumearen Memoriaren Baratzea sortzea. Eta Arantzan zergatik? Lehendabiziko arrazoia udalak lurra eskeini zuelako eta gero, agian, aproposena delako herria bera; izan ere, baratze bat sortzeko lekurik gorena eta gure begiek urrutirago eta zabalago begiratzeko aukera dutelako. Zer erranen du bada Arantzak.? Gainontzeko herriak guttietsi gabe noski. Zein baino zein ederragoa baita.

 

Zergatik sortu Emakumearen Memoriaren Baratzea?

Gure memoria arront ttikia delako. Ahanztura delako nagusi, eta batez ere, emakumea. Orain hainbertze hitz egiten dela Memoriaren inguruan, badirudi emakumerik ez dela izan, eta izan bada sorgina, Juana de Arco, Agustina de Aragon, Catalina de Erauso (monja alférez)….eta horrelako berezi batzuk bertzerik ez. Gure memoria ttikia delako, hain zuzen, sortu dugu Emakumearen Memoriaren Baratzea.

Emakumeak eman egiten du, baina emankortasun hori handiagoa litzateke pertsona duin bat bezala tratatua izan eta bizitzeko aukera emanez gero.Horregatik, dago Arantzan Emakumearen Memoriaren Baratzea, emakumea bezala, mundu handi eta hotz honetan, herri ttikia baina bere horretan emankorra delako. Lurrak ere eman egiten duelako; emateko, ordea, landu, ongarritu, goxatu egin behar da. Gauza bera gertatzen zaio pertsonari, eta kasu honetan emakumeari, zenbat eta hobe bizi, zenbat eta duintasun handiagoz bizi, haren emankortasuna handitu eta hobetu egiten baita.

Hori da beraz, baratzea egitearen arrazoia. Emakumea eta Lurra bat eginik ikusten ditugulako.

Denon artean zaindu, landu eta emakumeez gogoratu, lehengoaz oroituz,  oraingoak eta gerokoak hobeki bizi daitezen zain dezagun Bortzirietako emakumearen memoriaren baratzea, gure egin dezagun,bakarra delako  eta ohore bat delako.

 

Ziklo berri bat hasi dela ere aipatu duzue…

Hasieratik talde bat osatzen hasi zen, gehiengoa emakumeak izanda. Gure artean bilkurak egiten baratzea zaintzeko mota guzietako lanak antolatzen ditugu, egitasmoak eta beren egitarauak prestatzen eta hedatzen ditugu. Emakumearen Memoriaren Baratzea Arantzatik Bortzirietako haran osoan landareen mizelio modura jendeen artean sarea eratzea eskaintzen ari gara. Heldu den uztailean ospatuko dugun urteurreneko besta sarea iruten segitzeko aukera izanen da.

 

Baratzeak hainbat berezitasun ditu…

Espiral bideak Emakumearen natura ziklikoa islatzen du: hilero, ilargiarekin batera, jaiotzetik hiltzeraino gure barruetan ematen den etengabeko zikloa.

Zuhaitz enbor mozketek haien historia kontatzen digute eta gure historia argira ateratzeko gonbitea luzatzen digute aldi berean.

Erdian iturria dauka, Umetokia sinbolizatzen duen pitzer batetik ura, bizi ura, isurtzen. Ura, emozioak, emakume bakoitzaren barruko egia kanpora ateratzen. Uraren soinu eta mugimenduaren bitartez mundura zabaltzen. Bertan, inoiz kontatu ez diren emakume aunitzen historiak ezagutzeko aukera dugu

Baratzak zirkuloetan antolatuak daude eta bertan emetasunaren ezaugarri batzuk ageri dira.Zainketa: bereen eta bere inguruarena, zuhaitzak bere itzala eta presentzia hutsarekin inguruan ekosistema propioa sortzen duen bezala. Nutrizioa: natura emankor eta oparoari esker gure baratzeetako fruitu ederrak elikagai bihurtuak. Bai gorputzak eta bai bihotzak elikatzen gaituztenak hain kolore, itxura, usain eta zapore ezberdin eta ederrekin.

Inguruan, berriz, naturak emandako sendabelarrak, gure intuizio eta gure maitasunarekin batera, laguntza eta sendabidea oparitzen.
Sendabelarrek baratzak babesten dituzte, eta lore eta bertan bizi diren animaliekin batera paregabeko ingurugiroa sortzen lagunduko dute, bizitza bakez eta harmoniaz aurrera eginez 

Baratzea permakulturan zaintzen dugu, basoko lurren emankortasuna imitatu nahian, baratze hauek (permakulturakoak) beti kapa organiko batekin estaliak egonen dira (belar, lasto, zuhaitz hondarrez egindakoa), non tenperatura eta hezetasuna gordeko diren, zizare eta lur azpiko biztanle guztiek beraien eginkizuna aurrera ongi eraman dezaten. Horrela ingurune egokia garatuz, mizelio izeneko lurraren lotura sare izugarria iraunaraziko da.

Baratzean honen bidez, emakumearen hitza argira ekarriz, indar emea (energia femeninoa) berrindartuta sortaraziz, denon artean mizelio hori sortzen ari gara, orekarako funtsezkoa den sare hori.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun