Jon Abril beratarra izanen da Elhuyarreko zuzendari nagusi berria

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko eka. 20a, 10:54

2012az geroztik Elhuyar Aholkularitzako kidea da Abril, euskararen eta partaidetzaren alorretan eta gogotsu heldu dio erronka berriari

Elhuyar fundazioaren patronatuak aho batez izendatu du Elhuyar fundazioaren zuzendari nagusi. Azken zazpi urteotan ardura hori izan duen Leire Cancioren lekukoa hartu du beratarrak. Erronka berriei heltzeko beharra azpimarratu du: «batetik, klima-aldaketaren aitzinean, erakunde berdeagoa izateko konpromisoa» hartu behar dutela adierazi du, eta bertzetik, «emakume eta gizonen arteko berdintasunean erakunde gisa ematen diren urratsetan sakontzen segitu» behar dela.

Horrez gain, Elhuyarrek «euskal gizarteak aitzinean dituen erronkei adi» jarraitu behar diela azaldu du, «horiei etengabe erantzuteko gaitasuna erakutsiz, dela euskararen alorrean, dela hizkuntza-teknologietan edota zientziaren dibulgazioan». Gisa berean, Elhuyarrek gizarteak dituen erronkei heltzeko dituen «balio sendoak» ere azpimarratu ditu.

Jon Abril Olaetxearen ibilbidea

Jon Abril Olaetxea Beran sortu zen 1975ean. Komunikazio Zientzietan lizentziaduna da eta Euskal Ikasketak eta kultura zientifikoaren pizgarria eta Gizarte Hezkuntza eta Gizarte eta Kultur Animazioa graduondokoak ditu, eta Hizkuntza aniztasunaren kudeaketa enpresa eta integraziorako politiketan eta Kultur eta Arte Erakundeen Zuzendaritza eta Kudeaketa aditu-ikasketak eginak ditu.

2012az geroztik, Elhuyarren aritu da lanean, euskara- eta partaidetza-alorretako aholkularitzako teknikari-lanetan. Azken lau urteotan, Partaidetza eta Berrikuntza Sozialeko lantaldearen koordinatzailea izan da. Aitzinetik bertze hainbat lanetan aritutakoa da: kazetari gisa euskarazko hainbat hedabidetan, tartean, Ttipi-Ttapa telebistan, Xorroxin Irratian edota Euskaldunon Egunkarian. Gaur egun, Ttipi-Ttapa aldizkariko kolaboratzailea da; Berako Udaleko kultura-teknikaria izan zen; eta politikan ere aritutakoa da, Berako alkateorde eta Aralar alderdiko koordinatzaileorde. Horrez gain, euskararen eta kulturaren esparruetako herri-mugimendu ugaritan dabil. Euskal Herriko eta Nafarroako bertsolari-txapelketetako epailea da, idatzizko hainbat lan argitaratu ditu, eta, ikus-entzunezkoetan, Neskatoak dokumentala zuzendu du.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun