'Bortziriak solasean. Ahozko tradizioaren bilduma’ liburu eta DVDa aurkeztu dituzte Lesakan

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 12a, 08:30

Ekainaren 12an, asteazkenean 18:30ean Berako Beralandetan eginen dute aurkezpena

Bortziriak solasean. Ahozko tradizioaren bilduma. Izenburu horixe duen liburua eta DVDa argitaratu ditu Euskokultur Fundazioak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak lagunduta. Ekainaren 11n, asteazken arratsaldean egin zuten lehen aurkezpena Lesakako Herriko Etxean. Ekainaren 12an, asteazkenean 18:30ean Berako Beralandetan aurkeztuko dute.

Jon Abrilek eta Maite Lakarrek egindako aurkezpenean aipatu zutenez, 2000 eta 2001 urteetan egindako ondare inmaterialaren bilketan oinarrituz egin dute lana. Lan horretan 50 lekuko elkarrizketatu zituzten Nora Iriarte Osesek eta Maite Lakar Iraizozek Bortzirietako Euskara Mankomunitateak esleitutako beka baten bidez. Hainbat gai jorratu zituzten bilketan: garai bateko bizimodua, lanbideak, sinesmenak, mitologia, kontrabandoa, garbiketa, zerri-hiltzea, elizaren eragina, eskola, bestak, ohiturak, erremedioak, ipuinak, bertsoak, kantuak... Hortik abiatuta liburua eta DVDa argitaratu dituzte orain eta garai hartako hainbat argazkirekin osatu dute. Eskualdeko hitzen hiztegitxo bat ere osatu dute.

Liburuaren egileekin batera, Oier Iantzi Euskara Mankomunitateko ordezkariak, Maddi Irazokik eta Bortzirietako bertso-eskolako kideek parte hartu zuten aurkezpenean.

Aurkezpenetan liburua erosteko aukera izanen da, baita ondotik ere: Beran (Agara, Irene eta Igone), Lesakan (Telletxea eta Xagu), Arantzan (Dena), Igantzin (Bi-bide) eta Etxalarren (plazako denda eta Kultur Etxea). Euskokultur.eus atarian eta Elkar dendetan ere eskuratzen ahalko da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun