2000 eta 2001 urteetan egindako ondare inmaterialaren bilketan oinarrituz egin dute lana. Lan horretan 50 lekuko elkarrizketatu zituzten Nora Iriarte Osesek eta Maite Lakar Iraizozek Bortzirietako Euskara Mankomunitateak esleitutako beka baten bidez. Hainbat gai jorratu zituzten bilketan: garai bateko bizimodua, lanbideak, sinesmenak, mitologia, kontrabandoa, garbiketa, zerri-hiltzea, elizaren eragina, eskola, bestak, ohiturak, erremedioak, ipuinak, bertsoak, kantuak... Hortik abiatuta liburua eta DVDa argitaratu dituzte orain eta garai hartako hainbat argazkirekin osatu dute. Eskualdeko hitzen hiztegitxo bat ere osatu dute.
Liburua aurkezteko bi ekitaldi eginen dituzte: lehenbizikoa Lesakan, ekainaren 11n, Herriko Etxean, eta bigarrena Beran, ekainaren 12an, Beralandetan, biak 18:30ean. Liburuaren egileekin batera, Euskara Mankomunitateko ordezkariek, Maddi Irazokik eta Bortzirietako bertso-eskolako kideek parte hartuko dute.
Aurkezpenetan liburua erosteko aukera izanen da, baita ondotik ere: Beran (Agara, Irene eta Igone), Lesakan (Telletxea eta Xagu), Arantzan (Dena), Igantzin (Bi-bide) eta Etxalarren (plazako denda eta Kultur Etxea). Euskokultur.eus atarian eta Elkar dendetan ere eskuratzen ahalko da.