Hauteskunde kanpainako ekitaldi nagusia egin du Lesakako EHBilduk

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 22a, 08:17

Ladis Satrustegi alkategaiarekin eta bertze zerrenda-kideekin batera, Bel Pozueta eta Arnaldo Otegi izan ziren astearte arratsaldeko ekitaldian

 

Maiatzaren 26ko hauteskundeei begira ekitaldi nagusia egin zuen maiatzaren 21ean Lesakako EHBilduk. Bertan, Ladis Satrustegi EHBilduko alkategaia eta zerrenda osatzen duten bertze kideekin batera, Bel Pozueta eta Arnaldo Otegi izan ziren, Plaza Zaharrean egindako ekitaldian.

Ekitaldia hasteko, olerkia eta musika uztartu zituzten Iban Garrok eta Itziar Telletxeak. Ondotik, Bel Pozuetak hartu zuen hitza, plazan bildutakoen txalo artean. Nafarroan eta Lesakan sekulako erronka daukagula adierazi zuen eta lanerako ardatzak feminismoa, Skolae eta prekaritatearekin bukatzea direla. «Nafarroan erregimenari aurre egin behar diogu zuen bozarekin», aipatu zuen eta solasaldia bukatzeko, «Kataluniako eta euskal presoak etxean behar ditugula» erran zuen.

Arnaldo Otegi, EHBilduko koordinatzaile nagusiak mundu mailan bizi den krisi politikoaz, krisi klimatikoaz eta krisi ekonomikoaz aritu zen. Krisi horiei aurre egiteko, munduan, espainiar estatuan, Euskal Herrian, Nafarroan nahiz Lesakan bi bloke daudela ere adierazi zuen, «gauzak bere horretan mantentzearekin eroso dagoen bloke kontserbadorea eta ezkerreko pentsamendutik, jendartea aurrean jarriz, egoera aldatu nahi dugunon blokea».

Ekitaldia bukatzeko, EHBilduko zerrenda osatzen duten hamabortz lagunak atera ziren jendaurrera. Horien izenean, Ladis Satrustegi alkategaia eta zerrendan bigarren den Mattane Rodriguez solastatu ziren. Azpimarratu zutenez, egunotan Plaza Zaharrean duten lokalean herritarrekin aurpegiz aurpegi solasean ari dira, «migranteekin, gurasoekin, gazteekin… eta aunitz ikasten ari gara, herri honen premiei eta beharrei buruz». Datozen lau urteetan, «iritzi guztiak kontuan hartuz lan egin» nahi dutela azpimarratu zuten, «lesakar guztien etxebizitza eskubidea bermatuz, kultura sustatuz, oinezkoak protagonista izanen duen herrigunea indartuz». Turismo jasangarri, integral eta orekatua ere butzatu nahi dute eta alde horretatik, «herriaren eta Bidasoko Bide Berdearen arteko lotura segurua izanen den bide bat eginen dugu, Biurgaraien hasi eta Bereauraino joanen dena».

Hainbat herritar bildu zen plazan, baita, Bera, Etxalar eta Arantzako EHBilduko alkategaiak ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun