Bortzirietako udalekuetarako izen-ematea maiatzaren 20an irekiko dute

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 19a, 15:00
Bortzirietan erroldatuta daudenek lehentasuna izanen dute.

Hilaren 31ra arte egonen da zabalik

Heldu den astelehenean, maiatzaren 20an, irekiko dute Bortzirietako udalekuetan izena emateko epea. Ohi bezala, udalekuetan 3-12 urte bitarteko neska-mutikoek izen ematen ahal dute, eta lehentasuna izanen dute Bortzirietan erroldatuak direnek edota bertako ikastetxeetan ikasten ari direnek (D eta B ereduetan). Herri bakoitzean taldea sortu ahal izateko gutxienez 10 neska-mutikok izen eman beharko dute.

Izena emateko hondarreko eguna maiatzaren 31a izanen da, hondarreko ortziralea izanen da. Interesa dutenek Mankomunitateko webguneko formularioaren bidez edo 680 65 06 50 edota 948 63 41 25 telefonoetara deituz (09:00etatik 13:00etara) eman dezakete izena.

Uztailaren 1etik 26era Arantzako Herri Eskolan, Berako Ricardo Baroja Ikastetxean eta Labiaga Ikastolan, Etxalarko Landagain ikastetxean eta Igantziko Barazarrean elkartuko dira. Uztailaren 15etik abuztuaren 9ra, berriz, Lesakako Irain Ikastetxe Publikoan.

Haur bakoitzak 4 asteko egonaldiaren truk 90 euro ordaindu beharko ditu eta bi asteko egonaldiaz gozatzeko, berriz, 50. Bi anai-arreba diren kasuetan 150 eta 80 euro ordainduko dituzte, hurrenez hurren. Hiru senide diren kasuetan beherapenak izanen dituzte: 180 (lau aste) eta 90 euro (bi aste) ordainduko dituztelarik.

Era berean, behar ekonomikoak dituzten familiek aipatutako tarifen %50a ordainduko dute. Horretarako, izena eman ondotik, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin harremanetan jarri behar dira (948 635 036).

Informazio gehiago nahi dutenek www.bortziriak.eus atarian eskura dezakete.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun