Bortzirietako Euskara Mankomunitateak begiraleen lan-poltsa osatzeko deialdia egin du

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 19a, 13:00
Joan den urtean Bortzirietako 197 neska-mutikok parte hartu zuten udalekuetan.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak begiraleen lan-poltsa osatzeko deialdia egin du eta maiatzaren 20an zabalduko dute izena emateko epea. Interesa dutenek eskaerak maiatzaren 30a baino lehen aurkeztu behar dituzte Mankomunitatearen egoitzan (Herriko Etxeko Plaza 7, 31790 Arantza).

Deialdi horretan parte hartzeko beharrezkoa da 16 urte beteak izatea eta DBHko titulazioa edo baliokidea izatea, baita euskaraz jakitea ere (C1 maila). Eskaera guztiak jaso ondoren, baldintzak betetzen dituztenek ahozko proba praktiko bat egin beharko dute ekainaren 6an, Berako Beralandeta eraikinean.

Deialdiari buruzko xehetasun guztiak www.bortziriak.eus orrian topa daitezke, baita izen emateko aurkeztu behar den dokumentazioa ere. Informazio gehiago eskuratzeko interesatuek Mankomunitatera jo dezakete (948 634 125 / euskara@bortziriak.eus).

Mankomunitateak zerrenda hau erabiliko du udaleku irekietan lanean aritzeko behar dituen begiraleak kontratatzeko. Halere, 2019an sortuko den zerrenda aitzineko urteetako zerrenden osagarri izanen da: hau da, kontratazioak egiterakoan lehentasuna izanen dute aitzineko urteetan eratutako lan poltsek, eta hori agortu ondotik hasiko da 2019ko zerrenda erabiltzen.

Mankomunitateak urtero antolatzen ditu udalekuak. Joan den urtean, errate baterako, Bortzirietako 197 neska-mutikok parte hartu zuten udalekuetan, eta 25 begirale aritu ziren lanean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun