Joseba Larraldek eta Laura Solak irabazi dute Arantzako III. Mendi Lasterketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko api. 1a, 08:57

Emakumezkoetan Alizia Olazabalek eta Irati Larrañagak osatu dute podiuma. Gizonezkoetan, berriz, beratarrarekin batera, Joxe Amunarriz eta Iñaki Mihura arraioztarra izan dira podiumean.

Eguraldi ederra lagun, 252 lagunek egin zuten martxoko hondarreko egunean egin zen Arantzako 20 kilometroko mendi lasterketa. Guztietan bizkorrena Joseba Larralde beratarra izan zen. 01:38:44ko denbora behar izan zuen ibilbidea osatzeko. Hondarribiko Joxe Amunarriz bigarren helmugaratu zen, 01:39:07ko denbora eginda. Hirugarren Iñaki Mihura arraioztarra izan zen, 01:42:09ko denbora eginez. Lehenbiziko hogei sailkatuetan eskualdeko gehiago ere ailegatu ziren: Asier Apezetxea aranztarra zazpigarren izan zen (01:46:54), Beñat Saralegi lesakarra hamaikagarren (01:52:53), Iñigo Lasaga beratarra hamahirugarren (01:54:11) eta Agoitz Altzugarai lesakarra hemeretzigarren (01:56:31).

Guztira 27 emakumezkok egin zuten lasterketa eta guztietan bizkorrena Uztarrozko Laura Sola izan zen. 02:01:40ko denbora egin zuen. Alizia Olazabal irundarrak 02:06:54ko denbora egin zuen eta hirugarren sialkatu zen Irati Larrañaga usurbildarrak 02:21:29koa.  Ez zen eskualdeko emakumezkorik aurkeztu.

Gizonezkoek zein emakumezkoek, Dabid Iturria eta Koldobike Gorostiza Ekaitza Elkarteko ordezkarien eskutik jaso zituzten sariak. Txapeldunek txapela, 120 euro eta lore-sorta; bigarrenek 80 euro eta lore-sorta eta hirugarrenak 50 euro eta lore-sorta.

Xabier Zubieta Saria

Ekaitzatik pasatzen den lehenbiziko emakumezko eta gizonezko bortziriarrei oroigarri bana eman izan die Ekaitza Elkarteak lasterketa egin den hiru edizioetan. Aurten, gizonezkoetan Joseba Larraldek jaso zuen oroigarri hori. Bortzirietako emakumerik ez zegoenez, antolatzaileek lehenbiziko nafarrari ematea erabaki zuen eta hori Laura Solarentzat izan zen. Aimar eta Lorea, Xabier Zubieta 2007an zendu zen herriko mendigoizalearen seme-alabek eman zituzten aipatu oroigarriak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun