1936ko gerraren biktima izan zen Genoveva Aldazabal beratarra hil da

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 14a, 12:19
Genoveva eta Carmen Aldazabal Gorria ahizpak.

Gerra Zibilaren ondorioz, ehun familia kanporatu zituzten Beratik. Tartean zen Genoveva Aldazabal Gorriaren familia. 90 urterekin asteazken honetan hil da

Joan den azaroan, Gerra Zibilak Beran kolpatu zituenak gogoan, erreportajea argitaratu zuen Ttipi-Ttapak. Han agertu zen Genoveva Aldazabal, bere ahizpa Carmenekin batera. Ez zuen ahantzia 1936ko San Esteban egunean ikusi eta aditutakoa: «amak igandeko arropa jarri eta Berako plazara abiatu ginen. Ni hagitz kontent nengoen, igandeko arroparekin ikaragarri dotore nengoen. Plazara ailegatu ginenean, ordea, bestarik ez zegoela konturatu nintzen; Berako ehun familia eta soldaduak zeuden han eta beldurra sentitu nuen. Guardia zibil bat mahai batean gainean jarri eta ‘A Francia, a Gipuzkoa o a fusilar’ erran zuen». Halaxe kontatu zion Ttipi-Ttapari.

Carmen eta Genovevaren aita, Eloy, Errepublika garaian kultura zinegotzia eta fundizioen fabrikan UGT sindikatuko ordezkaria izana zen eta matxinoek begiz joa zuten. Ama eta senideak herritik joan eta amonarekin gelditu behar izan zuen Genovevak, eta «denbora luzez, ez nuen nire anai-arrebez eta gurasoez deus ere jakin. Gure bizitza erabat aldatu zen». Osabaren etxean hiru egun logela batean gorderik pasatu omen zituen. Erailak izanen zirenaren beldurrez, izebaren baserrira eraman omen zuten eta «han gorde ninduten». Arratsero bi soldadu baserrira lotara joaten zirela eta, «isil-isilik egoten nintzen sukaldean egokitutako logela batean gorderik». Urtebete baserrian gorderik pasatu zuen. Gero, ordea, «ezagun baten bitartez, osabak Frantziatik nentorrela zioten paperak egin zituen». Paperak lortuta amonaren etxera joateko aukera izan zuen eta eskolara itzuli zen. «Hasieran ez nintzen jendeari begiratzera ausartzen, ikaragarrizko beldurra nuen».

80 urte beranduago ez zituen orduko oroitzapenak ahantziak. Joan den urteko Berako bestetan, eurek eta Gerra Zibilaren bertze biktima eta senideek bota zuten herriko bestei hasiera eman zien txupinazoa. Horrez gain, joan den azaroaren 18an omenaldi hunkigarria eskaini zien herriak.

Bere aldeko hileta elizkizuna ortzegun arratsaldean eginen da, 18:00etan Berako San Esteban elizan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun