Nafarroako Bertsolari txapelketako azken finalaurrekoak prest

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 7a, 20:00
Etxarri Aranaz eta Lesakako finalaurreko saioetan ariko diren bertsolariak.

Larunbatean Etxarri Aranatzen eta igandean Lesakan jokatuko diren saioetan erabakiko dira azken finalistak

Nafarroako Bertsolari txapelketa azken txanpan sartua da, martxoaren 23an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalerako zortzi lehiakideen bila. Hiru finalaurreko jokatzen hasiak dira, eta horietako bakoitzeko irabazlea finalera sailkatuko da zuzenean. Sailkapenaren araberako bost bertsolari ere pasako dira martxoaren 23an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jokatuko den finalera

Lehenbiziko finalaurrekoa martxoaren 3an jokatu zuten Atarrabian eta Eneko Lazkozek nagusitasunez lortu zuen finalerako zuzenean sailkatzea. Bertze bi finalaurrekoak asteburu honetan jokatuko dituzte. Martxoaren 9an, larunbatean 17:30ean Etxarri Aranatzeko Kultur Etxean ariko dira Urdazubiko final laurdeneko saioan nagusitu zen Julio Soto gaur egungo txapelduna eta eskualdeko bortz bertsolari: Xabier Terreros eta Iban Garro lesakarrak, Julen Zelaieta beratarra, Diego Riaño leitzarra eta Iker Gorosterrazu iturendarra. Alaitz Rekondo ariko da gai-jartzaile lanetan. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Etxarri Aranazko Udalaren laguntzarekin antolatu du saioa.

 

Azkena Lesakan

Hirugarren eta hondarreko finalaurrekoa martxoaren 10ean, igandean 17:30ean hasita jokatuko dute Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Saio honetan ere sei bertsolarietatik bortz eskualdekoak izanen dira: Leitzako Joanes Illarregi (Iruritako final laurdenetako saioan nagusitu zen) eta Xabat Illarregi anaiak, Josu Sanjurjo (Lizarrako saioko irabazlea) eta Eneko Fernandez lesakarrak eta Alazne Untxalo iturendarra, Saioa Alkaizarekin batera.                                                                   

Igandeko Lesakako saiorako sarrera guztiak, bai interneten eta bai herriko okindegian jarritakoak, bukatu dira. Horrenbestez, egunean bertan ez da txarteldegirik irekiko. Sarrera inprimatuta edo pantailan eraman beharko da, irakurgailu elektronikoek barra kodea irakutzeko moduan.

Etxarri Aranazko saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eta Xapatero Tabernan eskuratu daitezke. Saioaren egunean bertan, gainera, txarteldegian salduko dira 16:00etatik aurrera, baldin eta aurretik bukatu ez badira. 11 eurotan eskuratu daitezke sarrera arruntak, sei eurotan sei eta hamasei urte bitartekoen kasuan, eta zazpi eurotan Bertsozale Elkarteko bazkideen kasuan.

Interneten, www.bertsozale.eus atarian aurkitu daiteke txapelketarekin lotutako informazio guztia, bai eta Nafarroako Bertsozale Elkartearen Facebook eta Twitter (@unibertsoa) kontuetan ere. Edozein informazio eskuratzeko, gainera, nafarroa@bertsozale.eus helbidean edota 948143747 telefonoan jar zaitezkete gurekin harremanetan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun