Xabi Maia elizondoarra bigarren izan da Atarrabiako finalaurrekoan

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 4a, 09:00

Eneko Lazkozek irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenbiziko finalaurrekoa eta zuzenean sailkatu da finalera.

Joan den larunbatean Atarrabian jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenbiziko finalaurrekoa, eta 250 lagunen aitzinean sei bertsolari aritu ziren: Aimar Karrika, Saats Karasatorre, Joana Ziganda, Eneko Lazkoz, Sarai Robles eta Xabi Maia elizondoarra. Maider Ansa aranoarra aritu zen gai-jartzaile lanetan eta epaile, berriz, Jon Abril beratarra, Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Joseba Beltza.

Saio puntuagarriaren ondotik, Eneko Lazkozek lortu zituen puntu gehien (399), eta hortaz, martxoaren 23an Iruñeko Anaitasunan jokatuko den finalerako txartela eskuratzen lehenbizikoa izan da. Bere gibeletik sailkatu ziren Xabi Maia (352,5), Aimar Karrika (349), Saats Karasatorre (335), Sarai Robles (326,5) eta Joana Ziganda (312). Bortz bertsolari horiek hiru finalaurrekoak egin arte zain egon beharko dute finalera sailkatuko diren ala ez jakiteko. Guztira zortzi bertsolari pasako dira finalera.

Heldu den larunbatean izanen du segida Nafarroako Bertsolari Txapelketak, Etxarri Aranazko Kultur Etxean izanen den bigarren finalaurrekoan, 17:30ean. Han ariko dira Julio Soto, Xabier Terreros lesakarra, Julen Zelaieta beratarra, Diego Riaño leitzarra, Iker Gorosterrazu iturendarra eta Iban Garro lesakarra, Alaitz Rekondo lesakar gai-jartzailearen aginduetara. www.bertsosarrerak.eus atarian eta Etxarri Aranazko Xapatero tabernan eros daitezke sarrerak. Saioaren egunean, leihatila 16:00etan irekiko dute, baldin eta aurre-salmentako sarrera guztiak bukatu ez badira. Aipatu, bertzalde, Lesakan jokatuko den Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekorako sarrera bikoitza zozketatuko duela Ttipi-Ttapak. Parte hartzeko egin klik hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun