Ortzegun Gizeneko eskearekin eta antzerkiarekin hasiko dira inauteriak Etxalarren

Ttipi-Ttapa 2019ko ots. 27a, 07:45
Gazteak eskean ibiliko dira Inauteri astelehenean.

Igandean kintoen bazkariak izanen dituzte, astelehenean eskea auzoz auzo eta astearte eguerdian karroza eta mozorroen desfilea

Ohikoa denez, Etxalarko inauteriak Ortzegun Goizean abiatuko dira, ttikienek eginen duten eskearekin eta Landagain eskolako ikasleek eginen dituzten antzerki eta dantzekin. Astelehenean auzoz auzo ibiliko dira gazteak eta asteartean karroza eta mozorro desfilea eginen dute.

Otsailak 28, ortzeguna

Goizean haurrak eskean ibiliko dira  etxez-etxe. 14:30ean Landagain eskolako ikasleak plazatik aterako dira trikitilarien laguntzaz eta herriko xokoetan antzerkiak eta dantzak eginen dituzte. Haur Hezkuntzakoek Tontolapiko antzeztuko dute eskolako atarian; LHko 3. mailakoek Harizpeko belardian Irakasle berriak gure eskolan; 2. mailakoek Domekeneko atarian Lehen Jon eta orain Jone; 1. mailakoek Maixterneko atarian Superbirziklote eta hiru txerrikoteak; 4. mailakoek Martikoneko atarian Ortzegun Gizeneko akrobatak eta 5. eta 6. Mailakoek Mugalariak frontoian. 

Ondotik Guraso elkarteak eskainitako merienda eta opilak izanen dira guztientzat, trikitilariek lagundua.

 

Martxoak 3, igandea

Zaldun Inaute egunean kinto bestak ospatuko dituzte.

 

Martxoak 4, astelehena

08:00etan gazteek gosaria izanen dute La Basquen. Egun osoan, herriko gazteak bi taldetan banatuta eskean arituko dira goiko eta  beheko auzoetan. Ilunabarrean pintxoak izanen dituzte Elutsa ostatuan.

 

Martxoak 5, asteartea

Astearte mozorro egunean, 12:00 aldera herriari itzulia emanen zaio mozorro eta karrozekin. Ondotik bazkaria Herriko Ostatuan eta aldi berean, jubilatuen bazkaria Larraburuan. Arratsaldean ginkana izanen dute ostatuan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun