«Kontent nago ttikitatik nahi nuena egiteko aukera izan dudalako»

Gurutze Pikabea 2019ko ots. 23a, 10:00
Ane Bergara futbol profesionala utzi du, 15 urtez lehen mailan aritu ondotik.

Ane BERGARA ARTIEDA • BERAKO FUTBOLARIA

15 urtez Lehen Mailan aritu ondotik, joan den urteko udan futbola uztea erabaki zuen. Futbolak «dena» eta «aunitz» eman diola dioen arren, kontent dago hartu zuen erabakiarekin

Urte berezia izaten ari da Ane Bergararentzat (Bera, 1987). Ez dabil baloiaren gibeletik, ez dago entrenamendu edo partidetan murgilduta; futbola ez da lehentasuna beretzat.Halaxe ibili da Lehen Mailan eman dituen azken 15 urteotan. Baina iazko udan, «ttikitako ametsa egia bihurtu» ondotik erretiroa hartu zuen. Ez da damutu botak utzi eta zelai berdea agurtu izanaz. Atzelari ohia kontent sumatu dugu.

Nondik datorkizu futbolarekiko lotura?

Egia erran ez dakit. Hiru ahizpa gara, ni gazteena, bertze biak ez dira futbolean ibili, eta gurasoak ere ez dira bereziki futbolzaleak izan. Lehengusuak, ordea, futbolean aritzen ziren eta beraiekin ordu aunitz pasatzen nituen. Akaso lehengusuengandik etorriko zait...

Nolako haurtzaroa duzu gogoan?

Hagitz alaia. Lagunekin jolasean ibiltzen nintzen eta orduko sentsazio onak ditut. Orduan ere kirola nuen buruan. Ikastolan nire ametsa zein zen galdetzen zidatenean, futboletik bizitzea zela erraten nuen. Hori lortu dut. Baina gauza gehiago ere probatu ditut. Haurrak ere gustatzen zaizkit eta orain eurekin ari naiz lanean, irakaskuntzan.

Zer eman dizu futbolak?

Dena eman dit. Familiari eta futbolari esker orain naizena naiz. Ttikitatik aritu naiz futbolean, nire bizitza horren inguruan mugitu da eta gauza aunitz eman dizkit; aunitz ikasi dut eta lagun aunitz egin ditut. Baina bidean gauzak utzi behar izan ditut. 16 urterekin etxetik atera nintzen. Sakrifizioa izan da baina nahi nuelako hartu nuen bide hori. Erabaki guztiek badute bere alde positiboa eta negatiboa. 

Zein izan da hainbertze urtez goian aritzeko sekretua?

Arduratsua eta konstantea izatea eta une oro nahi nuen hori lortzeko borroka egitea. Zerbait derrigortzen denean ez da halako ahaleginik egiten.

Gure Txokoan hasi zinen...

Bai, etxeko taldean. Baina asteburuetan ez zen nire adinekoentzako partidarik izaten eta Hendaiako Eglantins taldera joan nintzen. Lau urteren ondotik, 12 urterekin, berriz Berara bueltatu nintzen.

Lagunak, Espanyol, Reala, Bartzelona, Athletic... Izen haundiko taldeetan ibili zara.

Neronek aukeratutako ibilbidea egin dut eta talde bakoitzak bere alde onak eta txarrak izan ditu. Iruñeko Lagunak taldeak Lehen Mailara salto egiteko aukera eman zidan. Espanyolen sei urte pasatu nituen eta titulu gehien irabazi dudan taldea izan da, familia bat bezala. Gero Realera etorri nintzen. Nire ttikitako ametsa Realean jokatzea zen eta taldeak bertze amets bat betetzeko aukera eman zidan. Bartzelonan bertze mundu bat ezagutu nuen, profesionaltasun ikaragarria duen talde bat. Eta Athleticek Lehen Mailan jokatzen segitzeko eta etxera hurbiltzeko bide eman zidan.

Liga, hiru Kopa eta Europako Txapelketa irabazi dituzu. Mundialean ere ibili zara. Zer erran nahi dute titulu horiek?

Tituluak garaipenak dira eta poztasun haundia sortzen dute. Baina garrantzitsuena egin dudan ibilbidea izan da. Tituluek urte aunitzetan hor egon naizela erran nahi dute eta horrekin geldituko nintzateke.

Athleticen 2019ko ekaina bitarteko kontratua zenuen, baina etetea erabaki zenuen. Zergatik?

31 urte nituen, eta gustatzen ez zitzaizkidan gauzak ikusten nituen. Ordura arte egina nuen ibilbidearen ondotik, ez nuen horrelakorik jasan nahi eta uztea erabaki nuen. Argi nuen etorkizunean bertzelako bizitza bideratu nahi nuela eta urte bat lehenagotik bideratzen hasteko aukera ikusi nuen.

Azken bi sasoiak zailak izan zirela erran zenuen. Zergatik?

Bartzelonako azken urtean lesioak izan nituen eta ez zen erraza izan. Gero Athleticen hasi eta bat-batean jolasteari utzi nion. Baina ez zen hori izan futbola uzteko arrazoia; tratu pertsonalagatik utzi nuen, ez nuelako nahi nuena jaso.

Eskaintza gehiago ere bazenituen lehen eta bigarren mailetan. Baina ez zenuen nahi...

Ez, uztea erabaki nuen. Une hartan indartsu sentitzen nintzen eta ez naiz damutzen egin nuen aukeraketarekin.

Lesio garrantzitsurik izan duzu?

Bartzelonan egin nuen urtean orkatileko lesioak izan nituen baina ez ziren larriak izan. Lesiorik larriena profesionalen mundua utzi ondotik gertatu zitzaidan. Joan den irailean, Mariñorekin ari nintzela, Akilesen tendoia hautsi nuen. Oraindik ere errehabilitaziora joaten naiz. 

Futbolean aritu zaren urteetan, ikasten ere ibili zara. Azaldu.

Argi nuen futbola utzi ondotik nire bizitzak aitzinera segitu behar zuela. Hortaz, Bartzelonan Jarduera Fisikoa eta Kirolaren Zientziak ikasi nituen, irakasle izateko masterra ere  egin nuen eta kirol masaia ikasteko eta entrenatzaile izateko ikastaroak ere egin ditut. Fisioterapia ikasten bi aldiz hasi naiz baina ez dut bukatu.

Nola uztartzen zenituen ikasketak eta futbola?

Antolakuntzaren bitartez. Nire bizitza egunez egun antolatzen nuen eta horrela uztartzen nituen. Batzuetan egunak 24 ordu baino gehiago izatea nahi nuen, baina nahiko antolatua naiz eta moldatu naiz.

Etxetik 16 urterekin joan zinen. Zer ikasi duzu horrela?

Etxean hagitz ongi bizitzen dela baina kanpoan ere mundua badagoela eta bakoitzak autonomo izaten eta bere izaera moldatzen ikasi behar duela.

Gurasoak eta familia maiz aipatu izan dituzu...

Nire oinarria izan dira. Hartu izan ditudan erabakiak babestu izan dituzte eta hagitz garrantzitsuak dira niretzat.

Gutti dira futboletik bizitzeko aukera duten emakumezkoak. Zuk, ordea, lortu duzu.

Bai, eta kontent nago lortu dudalako. Egunean eguneko dirua lortzeko aukera baino ez dit eman baina ikaragarri kontent nago. Futbolean emakumezkoen duten egoera zaila da, baina aldi berean, gero eta hobea. Ni hasi nintzenetik aunitz hobetu da, eta ea bide horretan segitzen duen.

Aholkurik emanen zenieke mundu horretan daudenei?

Trukean deus espero izan gabe lan egiteko. Ez dugu jakinen lanaren fruitua eurentzat edo ondorengoentzat izanen den baina lanean segi dezatela.

Egun nolakoa da zure egunerokoa?

Labiaga Ikastolan (Bera) ordezkapen bat egiten ari naiz eta kirola egiten segitzen dut. Tendoiak igeri egiten eta bizikletan ibiltzen uzten dit eta horretan nabil. Gerora, lasterka ibiltzea ere gustatuko litzaidake.

Etorkizunera begira zer?

Irakaskuntzan gustura segituko nuke, baina bertze aukeraren bat etorriz gero, zabalik nago.

 

MOTZEAN

Zure burua hitz guttitan.

Pertsona antolatua, arduratsua eta lehiakorra.

Bizitzeko toki bat?

Bera.

Berako txokorik gustukoena?

Nire etxea.

Liburu bat?

Ez naiz irakurzalea.

Futbol talde bat?

Reala.

Hondartza ala mendia?

Hondartza.

Bisitatuko zenukeen toki bat?

Ameriketako Estatu Batuak.

Musika talde bat?

Manolo Garcia.

Futbola ez den bertze kirol bat?

Praktikatzeko igeriketa eta ikusteko tenisa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun