Julian Iantzi telebistako aurkezleak ireki du Nafarroako txox denboraldia Lesakako Linddurrenbordan sagardotegian

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko urt. 11a, 20:47

Lesakako Linddurrenborda sagardotegian ireki dute urtarrilaren 11n, 2019ko txotxeko sagardotegi denboraldia Nafarroan. Julian Iantzi telebista aurkezle lesakarra izan da sagardo berria dastatzen lehena. Lesakako Linddurrenbordarekin batera, Lekarozko Larraldea, Berueteko Behetxonea, Aldazko Martitxonea eta Lekunberriko Toki Alai sagardotegiek osatzen dute Dolarea, Nafarroako Sagardotegien Elkartea eta aurten 250.000 litro inguru kupeleratu dituzte.

Lesakako Linddurrenborda sagardotegian, berriz, 23-25.000 litro inguru egin dituztela aipatu digu Juan Mari Lopez nagusiak, “joan den urtean baino guttixeago”. Normalean etxeko sagarrarekin moldatzen bada ere, aurtengoa sagar urtea izan ez denez, «etxekoak, Arantzatik eta Oiartzundik ekarritakoak eta Donibane Garazitik ekarritakoak ere erabili ditugu».  Egurrezko kupelen bat baldin badute ere, Linddurrenbordako gehienak altzairu erdoilezinekoak dira: “Garbitzerako orduan erosoagoak dira. Poliesterrekoak ere gero eta zabalduagoak daude, bi geruza dituztenez kondentsazio guttiago egiten zaie, baina horietatik ere bakarra daukagu gurean», aipatu digu Linddurrenbordako nagusiak.

Lehendik ere hirutan ireki da Nafarroako sagardotegi denboraldi ofiziala Linddurrenbordan. 2006. urtean Andoni Egaña bertsolariak ireki zuen eta 2010ean Sebastien Gonzalez pilotari azkaindarrak. 2014an, herri kirolarekin harreman estua eta emankorra duten Donato eta Patxi Larretxea anaiak arduratuko ziren txotxa irekitzeaz. Aurten, erran bezala, Julian Iantzik dastatu du lehen sagardoa. Aitzinetik, Jo Ala jo taldekoek bere emanaldia eskaini dute, Sagardantza dantzatuz eta Kirikoketa joz. Patxi Larralde txistulari zutela, Marijo Indabere, Uhaina Apezetxe, Mairu Garisoain, Oianko Garde eta Xabi Torres aritu dira lan horretan.

Julian Iantzirekin batera kirol eta kultur munduko bertze hainbat aurpegi ezagun hurbildu dira Linddurrenbordara: Juanjo Oroz eta Latasa txirrindulari ohiak, Koteto Ezkurra erremontelaria, Unai Laso, Joanes Bakaikoa eta Iosu Eskiroz esku pilotariak, Uxue Fraile mendi korrikalaria, Inaxio Perurena harri-jasotzailea, Donato eta Patxi Larretxea anaiak, Manolo Arozena, Bittor Elizagoien, Julen Zelaieta, Joxe Juan Zubieta Etxabe edo Iban Garro bertsolariak, Jose Luis Etxegarai Lesakako alkatea edo Koma musika taldeko abeslaria eta El Drogasen bateriajolea den Brigi Duke, bertzeak bertze.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun