«Gustokoa dut sagardotegietako giroa eta sagardoa ere hagitz freskagarria iruditzen zait»

Ttipi-Ttapa 2019ko urt. 11a, 20:50
Julian Iantzi, kirikoketa jotzeko makilekin, Linddurrenborda atarian.

Ez da lehenbiziko aldia Julian Iantzi gisa honetako ospakizunetan ikusten dugula. Oraingoan, Txelo Mitxelena amarekin joan zen Linddurrenbordara. Sagardotegitik hurbil dagoen Agortxeberri baserrian jaioa da ama.

Hasteko, lehen ere inauguratu zenuen Gipuzkoako denboraldia 2011n, ez?

2011n sagardo denboraldiari hasiera eman nion Astigarragan bai. Arbol bat ere landatu genuen Petritegin, txotx egin genuen eta berezia izan zen. Bertze egun batean, Hernaniko Sagardoaren Kofradiako ohorezko kide izendatu gintuzten, Jose Luis Korta, Juanito Oiartzabal eta Julen Madina difuntuarekin batera. Bi egun polit eta bereziak izan ziren eta gaurkoa hirugarrena.

 

Sagardoa gustokoa duzu? Sagardotegietara joateko ohiturarik?

Ez dut beti sagardoa edan. Aitaginarreba ezagutu nuenean, Ibarla aldera meriendatzera joan eta bokado batekin sagardoa hartzeko ohitura zuen eta harekin hasi nintzen pixko bat. Hasieran ez nuen sobera gustuko, baina gero pixkanaka gustatzen hasi zitzaidan eta nahiz eta alkohol gutti duen, erran daiteke gustuko dudan alkohola duen edari bakarra dela. Nonahi eskatzen dut. Euskal Herrian ez da zaila, baina Euskal Herritik kanpo ere, uste nuen zailagoa izanen zela, baina bada sagardoa. Aunitzetan Asturiasekoa izaten da, diferentea da, baina hura ere lasai aski edaten ahal da. Edari freskagarria da, nik frexko-frexko hartzen dut, eta gustura edaten dena, edozein janarirekin hartzen ahal dena, maridaje kontuak direla eta. Gaur egun ez dut aunitz edaten, baina otorduetan zerbaii hartzekotan, beti sagardoa izaten da. Sagardotegietara joateko ohitura ere badaukat, Irungo Ola sagardotegira sarri joaten gara, hasierako egunera eta azkenekora ia fijo familiarekin eta gero lagunekin, futboleko lagunekin… Urtean ez dakit zenbat, baina bai joaten naiz, gustatzen zait bertan izaten den giroa.

 

Telebistan ezagun zaitugu… Pertsonalki ze proiektutan zabiltza?

Conquisen hamabosgarren edizioa hasia da eta horrekin sei hilabete izanen ditugu. Edizio potentea izanen da eta nik uste jendeari gustatuko zaiola. Euskal australiarren memoria historikoa berreskuratu nahian gabiltza, Bizkaian dena martxan dago eta Nafarroan ere hasia naiz, 1950-1960. Hamarkada haietan Nafarroatik Australiara joan ziren gazte haien bila. Bertze aldetik, telebistarako formatoak eta saioak ere idazten ditut eta horiek saldu nahian nabil. Uztailaren bigarren hamabostaldian Australiara joanen gara eta gai horrekin bi dokumental egin nahi ditugu Euskal Telebistarako. Bertze proiektu bat ere badut esku artean, Montes Solidarios elkartearekin kolaboratzen dut. Ezinduak mendira hurbiltzen laguntzen duen elkartea da, itsuak, gurpildun aulkia erabiltzen dutenak, burmuin paralisia dutenak… Batzuei ezinezkoa iruditzen zaie mendira ailegatzea, baina probatu eta gustatu egiten zaie. Hemen inguruko mendietan ibili gara, Mont Blanc eta bertze asmo potoloak ere badaude… horiekin gabiltza lanean eta gai polita da, horien inguruan dokumental eta saio batzuk prestatzeko, jendeak ikus dezan kirolak eta mendiak, batzuetan bizia ematen ahal duela. Guk egunero ikusten dugu hori eta telebistan isladatu nahi dugu eta ea jendea animatzen den. Jendeak jakin dezala hemen gaudela esku bat botatzeko prest, eta ez lepora, modu onean baizik. Bertze bidaia batzuk ere antolrau nahi ditut: batzuetan zakurraren ipurdira joaten gara eta gero, atzerritarrak gara gure herrian. Euskal Herritik txango bereziak antolatzen ditut eta horrekin segituko dugu. Beti buruari buelta batzuk ematen, geldirik egon gabe behintzat.

 

Beti sorterrira bueltatzeko gogoz… Gainera amaren baserritik hurbil…

Beti Lesakara bueltatzeko gogoekin egoten naiz eta gehiagotan egin beharko nuke. Ez naiz sobera urruti bizi, baina kanpoan aunitz ibiltzen naiz eta etxean nagoenean etxean egon nahi izaten dut lasai. Lesakan dut familia: anai-arreba, ama, ilobak, lehengusuak… Ahalegintzen naiz amari bisita egin eta bidenabar bazkaria kentzen, eta egia erran, joaten naizenean gustura egoten naiz. Badut ohitura bat, beharbada jendeak ez duena ulertzen, baina hainbertze etortzen ez naizenez, Lesakara natorren bakoitzean kotxea hartu eta herrian buelta bat ematen dut. Gustuko dut, ea aldatu den, ez den aldatu, ezagunen bat ikusten badut gelditu eta solastu… Agortxeberri amaren baserria ere Linddurrenbordatik hurbil dago eta harat bai, aspaldian ez naiz joan eta egun hau aprobetxatuko dut hurbiltzeko, osaba-izebak agurtu eta beraiekin egoteko. Nabaz auzoa nere familiaren auzoa dela ere erran daiteke eta jolas batzuk ere egina naiz Banarta inguruan, bizikleta hartuta. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun