XII. Mendi Eguna larunbatean eginen dute Beran

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2019ko urt. 10a, 07:00

Santa Barbarara irteera eginen dute.

19:30ean hasita bi proiekzio eskainiko dituzte kultur etxean.

Taillon mendian, 2007an hil ziren Loro Pikabea, Xabier Zubieta eta Xabier Saralegiren omenez Beran ospatzen den Mendi Eguna urtarrilaren 12an, larunbatean, izanen da. Aurten XII. edizioa izanen da.

Agerra Mendi Taldeak eta Manttale Mendi Lasterketa Taldeak prestatutako egitaraua 10:00etan hasiko da Toki Ona polikiroldegian haur eta nerabeentzako eskalada tailerrarekin.

Santa Barbarara irteera eta kronoeskalada

14:45ean Santa Barbarako txangoan eta bikotekako kronoeskaladan parte hartzeko izen-ematea irekiko da (martxa eta erlojupekorako izen-emateak aitzineko egunetan egin ahal izanen dira Errekalde, Xuga eta Pikabea Harategian), Rikardo Baroja Eskolako arkupeetan. Polikiroldegiko esplanadatik abiatuko dira. Santa Barbara mendi tontorretik pasata abiapuntura itzuliko dira 5,5 kilometroko ibilbidea eginez. 12 urte bitartekoentzako lasterketak eta txangoa 15:00etan hasiko dira; kronoeskalada, berriz, 15:30ean. Nahi duen orok parte har dezake baina 16 urte baino gutxigokoek heldu batekin joan beharko dute derrigorrez.

Kronoeskaladaren eta txangoaren ondoren, Rikardo Barojako jangelan luntx bat egonen da parte-hartzaile guztientzat, eta hau bukatzerakoan zozketa bat eginen dute.

Bideo-proiekzioak

Ondoren, 19.30ean, kultur etxean bi proiekzio egongo dira Manttaleko kideek egindako mendi-espedizioekin.

Lehenik eta behin Aurrepirinioetatik, Europako gailurrera proiektatuko da, pasa den udan Ibai Iturria, Imanol Moreno eta Ugaitz Ado beratarrek eta Xabi Etxegarai lesakarrak Elbrus mendira, europako mendirik altuenera, egindako igoera erakusten duen dokumentala. Laukoteak Elbrus nola koroatu zuen erakusten du duela urte batzuk Pirinioetan hasita.

Horren ondotik Manaslu edo baloreen aukeraketa dokumentala emanen da, Julen Errandonea beratarra eta Alberto Urtasun iruindarraren eskutik. Dokumentalean nola zortzimilaren gailurretik hurbil zeudenean beste alpinista bat laguntzen geratu ziren erakusten dute, gailur egitea eragotzi ziena.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun