Olentzero eta jaiotzen lehiaketak eginen dituzte astelehen eguerdian Lesakan

Ttipi-Ttapa 2018ko abe. 21a, 06:40
Joan den urtean, lehen aldiz nesken talde batek irabazi zuen Olentzero lehiaketa Lesakan.

Aurten sariak bikoiztu egin dituzte, baina arratsaldeko kalejira bukatutakoan banatuko dituzte 

Heldu den astelehen eguerdian, abenduak 24, urtero bezala Olentzero eta Jaiotzen lehiaketa ospatuko dute Lesakako Plaza Zaharrean. Azken urteetako ohiturari eutsiz, aitzinetik izena eman beharko dute taldeek eta horretarako abenduaren 22an, larunbatean jo beharko dute Turismo Bulegora (Beheko Plaza 5), 10:00etatik 12:00etara. Aurten sariak bikoiztu egin dira kategoria guztietan eta sari banaketa arratsaldeko kalejiraren ondotik eginen dute.

 

Urtero bezala, Olentzero lehiaketako partaideak hiru mailatan banatuko dituzte: 10 urte arteko haurrak; 11 eta 15 urte artekoak eta 16 urtetik goitikoak. Jaiotzen lehiaketan, berriz, bi kategoria izanen dira: 10 urte artekoak eta 11 urtetik goitikoak. Sariak ere adinaren araberakoak izanen dira eta aurten bikoiztu egin dituzte. Erraterako, 600 euro izanen dute maila nagusiko irabazleek, baina talde guztiek izanen dute bere saria. Sariketara joan behar duten taldeak guttienez 6 pertsonakoak izanen dira eta bi abesti kantatuko ditu: bata, nahitanahiez “Olentzero buru haundia” eta bigarrena talde bakoitzak nahi duena. Talde bakoitzari, Olentzero, janzkera eta abestia, bat banaka puntuatuko zaio, eta puntuazio orokorra hiruren batuketa izanen da. Azken urteetan bezala, lehiaketatik kanpo ere parte hartzeko aukera izanen da, ondotik izanen den jaialdian. Parte-hartzaile guztiek bukatu ondoren, saridunen zerrenda jakinaraziko da, baina sariak ilunabarreko kalejiraren ondotik banatuko dira plazan. Saria jaso ahal izateko, Olentzero eta Jaiotza guztiak, Olentzero irabazlea izan ezik, karriketatik jasoak egon beharko dute. Kalejiran aterako den Olentzero irabazlearen kasuan, saria emanen da beti ere kalejira behar bezaka bukatzen bada, Olentzeroa osorik eta taldekideen janzkera lehiaketan aurkeztu den bezala.

Bertzalde, Olentzeroak xehetuz gero, biltzeak suposatzen duen kostua xehetu duen taldearen gain joanen da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun